• ENPRESAK GAUR
  • Aiblu aholkularitza enpresak Segurdades konpainia katalana erosi du

Aiblu aholkularitza enpresak Segurdades konpainia katalana erosi du

Lau bulego eta 70 langile izango ditu taldeak “etapa berrian”

Argazkia: Segurdades
Argazkia: Segurdades
2025eko apirilaren 7a - 11:50

Bilbon egoitza duen Aiblu konpainiak Segurdades izeneko enpresa katalanaren %100 eskuratu du. Aholkularitza zerbitzua eskaintzen duen euskal enpresak adierazi du eragiketa berria hazkunde eta dibertsifikazio estrategiaren ondorio dela.

 

Segurdades aholkularitza juridikoko bulegoarekin bat eginda, taldeak 7 milioi euroko fakturazioa izango duela aurreikusi dute, lau bulegorekin eta 70 enplegaturekin. Orain arteko Aibluren Bilboko eta Madrileko bi bulegoak mantenduko dira, baina beste bi berri izango dituzte Katalunian eta Valentzian. Kataluniako negozioak bere horretan lanean jarraituko duela jakinarazi dute, baita plantilla bera mantenduko duela ere.

“Etapa berriaren hasiera” iragarri du Sergio Salcines Aibluko presidente eta sortzaileak, eta gaineratu du eragiketak enpresa indartzen duela “bai geografikoki, bai zerbitzuei dagokienez”. Eduard Domingo Parés Segurdadeseko zuzendari kudeatzaileak beharrezkotzat jo du “talde handiagoarekin integratzea”, errekurtso eta ahalmen handiagoa izateko, eta, hala, “bezeroei zerbitzu hobeak” eskaintzeko.