• ENPRESAK GAUR
  • Aipamen berezia lortu du EnpresaBIDEAk 'Fiskalitatean ideia berritzaileak' lehiaketan

Aipamen berezia lortu du EnpresaBIDEAk 'Fiskalitatean ideia berritzaileak' lehiaketan

Pribaiten 'ZergaTwin' proiektuak jaso du 'Enpresa' kategoriako ideia onenaren saria

EnpresaBIDEAko lantaldea, Itziar Agirre Ogasun diputatu eta Irune Yarza zuzendariarekin | Argazkia: GFA
EnpresaBIDEAko lantaldea, Itziar Agirre Ogasun diputatu eta Irune Yarza zuzendariarekin | Argazkia: GFA
2026ko ekainaren 18a - 08:37
Eg. 2026ko ekainaren 18a - 10:21

Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako Fiskalitateko Ideia Berritzaileen lehiaketako sariak banatu ziren atzo arratsaldean. Bosgarren edizioaren Enpresa sortu berrien kategorian, irabazlea ZergaTwin proiektua izan zen, Gipuzkoako enpresen jarduera erreplikatzea ahalbidetzen duen biki digitala. Proiektua zibersegurtasun arloan lanean ari den Pribait start-upak aurkeztutakoa da, eta irabazle gisa 10.000 euro eta proiektua aurrera ateratzeko BIC Gipuzkoaren aholkularitza jasoko ditu. Kategoria horretara bertara aurkeztutako EnpresaBIDEAren Fiskalitatea etxekotuz proiektuak aipamen berezia jaso du, kanal-anitzeko dibulgazio-ereduaren bitartez herritarren parte hartzea sustatzera bideratuta dagoena. Egunkariak jasotzen duen bigarren aitortza da, 2022an Rikardo Arregi Komunikazio Saria jaso baitzuen.

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Pertsona fisikoen kategorian, berriz, lehen saria Blanca Alberdi Velascok jaso zuen, QR Factur egitasmoagatik, ticket eta fakturen QR kodeen irakurgailua garatzea proposatzen duena. Hala, karga burokratikoa gutxitzea eta administrazio lanetan denbora optimizatzea bilatzen du. 1.500 euro eta ordenagailu eramangarria irabazi zituen Alberdik. Bigarren saria, aldiz, —750 euro eta iPhone bat—, Likib-AI proiektuarentzat izan zen, adimen artifiziala oinarri duen autolikidazio proposamenetarako laguntzaile birtuala, Che Kulhanek eta Robert Salicio Holgadok garatua. Saria jasotzera igotzerakoan, azken horrek orain ia bi urte zendutako Jokin Perona Ogasun diputatu ohia izan zuen gogoan. 

Herritarren zein enpresen kategoriako finalistak, atzo eginiko ekitaldian | Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundiak
Herritarren zein enpresen kategoriako finalistak, atzo eginiko ekitaldian | Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundiak 

Sari banaketak Itziar Agirre egungo Ogasun diputatua izan zuen buru. Agirrek azpimarratu zuen, sariak ahalbidetzen duela "Foru Ogasunak herritarrei eta Gipuzkoako ekonomia sareari ematen dizkien zerbitzuak hobetzea".