Tubacex konpainiak abiarazitako lan erregulazio espedientearen kontsulta aldia akordiorik gabe amaitu da. Hilabetete honetan hasi eta 2027ko otsailaren 28ra ezarri nahi du enpresak espedientea, Laudio eta Amurrioko lantegietan. Gaur egin dute kontsulta aldiko azken bilera, eta ELAk salatu du zuzendaritzak atzo igorri ziela prozesuari buruzko informazioa, eta ez dutela ondo aztertzeko nahikoa denborarik izan.
Sindikatuak salatu du Tubacexek azken momentura arte itxaron duela informazio hori helarazteko, eta uztailaren zazpian ekin nahi diola espedienteari, kontsulta handia luzatzeko asmorik gabe.
Enplegu erregulazio espedienteak konpainiaren 600 bat langiletik 430ri eragingo die, eta bai ELAk, bai LABek jakinarazi dute erregulazioaren aurkako ekintzak prestatzen hasiko direla.
Bi sindikatuen arabera, Tubacex ez da gai izan lan erregulazio espedientearen arrazoiak behar bezala azaltzeko, eta uste dute eskari zorroa jaitsi izana ez delako nahikoa justifikazio halako neurri bat hartzeko.
Erregulazioak aurreikusten du lan jardunaldia %70 murriztea gehienez; hots, langile bakoitza 95 egun egongo litzateke lanik egin gabe.