• ENPRESAK GAUR
  • Aldundiaren laguntzaz 413 'start-up' sortu dira Bizkaian azken hamarkadan

Aldundiaren laguntzaz 413 'start-up' sortu dira Bizkaian azken hamarkadan

Orotara, 3.033 lanpostu sortu eta 754,54 milioi euroko fakturazioa lortu dute

Batez beste 9,14 langile dituzte 'start-up'ek | Argazkia: Europa Press
Batez beste 9,14 langile dituzte 'start-up'ek | Argazkia: Europa Press
2025eko maiatzaren 2a

Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailaren laguntzaz, 413 start-up sortu dira Bizkaian, 2014 eta 2023 urteen artean, hau da, oinarri teknologikoko 43 enpresa urtero, gutxi gorabehera. Enpresa horien biziraupen indizea %77koa izan da, 332 start-upek lortu baitute merkatuan jarraitzea azken hamarkadan. Aldi berean, enpresa horiei esker 3.033 lanpostu sortu dira eta 754,54 milioi euroko fakturazioa eskuratu dute, alegia, batez beste, 2.27 milioi euro enpresa bakoitzeko.

 

Bizkaiko Foru Aldundiak eskaini ditu datu horiek, baita ondorengoak ere. 413 erakundeek batez beste 9,14 langile dituzte, Bizkaia osoko batez bestekoa (bost langile) baino gehiago. Fakturazio gehien lortu duten lurraldeak Mungialdea, Txorierri, Uribe Kosta eta Eskuinaldea izan dira; aldiz, enplegu zein biziraupen indize altuenak eskuratu dituzte Busturialdeak, Lea-Artibaik eta Durangaldeak.

Aldundiak azpimarratu du hazkunderako joera izan dutela lehendik zeuden enpresen barruan ekimen berriak sortu dituzten enpresek. Izan ere, proiektu horiek 10 lanpostu sortu dituzte batez beste, eta ekimeneko fakturazioa 3,38 milioi eurokoa izan da, 428.045 euroko batez besteko kapital soziala izanik.

 

Ainara Basurko Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko diputatuak esan du “ekintzailetza-eredu aurreratuaren” alde egin nahi dutela, enpresa-sarea berritzeko eta kalitatezko enplegua sortzeko. Datuak ikusita, Bizkaiak ekintzailetzan “posizio sendoa” duela gaineratu du.