Algeposako administrazio kontseiluak Daniel Iceta Ortueta izendatu du enpresako zuzendari nagusi berri. Icetak Carlos Gonzalezen lekukoa hartuko du, azken honek erretiroa hartu baitu.
Icetak Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza lizentziatura ikasi zuen EHUko unibertsitatean, eta Algeposako trenbide negozioaren zuzendari nagusia izan da azken 18 urteetan. Enpresan orotara 27 urtez aritu da lanean. Era berean, Railsider konpainiako kontseilari delegatua izan da 18 urtez.
Carlos Gonzalezek, aldiz, 40 urteko ibilbidea egin du Pasaiako (Gipuzkoa) logistika konpainian, eta administrazio kontseiluak bere “konpromisoa” goraipatu du.
Algeposa 1981ean sortu zen, eta portu, trenbide eta industria logistikan dihardu. Batik bat, Euskal Herria, Espainia eta Ekialde Hurbileko portuetan egiten du lan. 480 langile ditu egun eta 155 milioi euro fakturatzen ditu.