• ENPRESAK GAUR
  • Alokairuaren mundua iraultzera datorren etxe-agentzia

Alokairuaren mundua iraultzera datorren etxe-agentzia

Limes etxe-agentziak etxebizitza bila dabiltzen pertsonak eta etxebizitza alokatu nahi dutenak elkartzen ditu. "Sozialki konprometitutako" agentzia da

Ioritz Rasero eta Mikel Castander, Limes proiektuko arduradunak | Argazkia: utzita
Ioritz Rasero eta Mikel Castander, Limes proiektuko arduradunak | Argazkia: utzita
2025eko uztailaren 14a - 05:30

Limes Gipuzkoako etxe agentzia soziala da, eta helburua argia du: pertsona guztiek, salbuespenik gabe, etxebizitza duin, egonkor eta segurua eskuratu ahal izateko erraztasunak eskaintzea. Horretarako, etxebizitza edo gela hutsak dituzten etxejabeak eta etxea bilatzen duten pertsonak elkartzen dituzte, hainbat zerbitzu eta metodologia uztartuz, eta etxebitza hutsen erabilera sozialki arduratsu bat sustatuz. Zubi-lan hori egiteko, hiru metodologia edo bide eskaintzen dituzte: Etxekideak, Pisukideak eta Nagusikidea.

 

Enpresaren jarduna ez da etxebizitzaren merkatu pribatura mugatzen; izan ere, hainbat administrazio publikorekin elkarlan bideak aztertzen ari dira etxebizitza publiko hutsak mobilizatzeko asmoz, baita bankuekin, fundazioekin, enpresa kooperatibekin edo elizekin ere. Era horretara, agente horiek izan ditzaketen etxebizitza edo baliabideak komunitatearen mesedetan jartzeko bideak irekiz. “Etxebizitza hutsak edo aprobetxatu gabeko azpiegiturak izan ditzaketen sektore edo erakunde anitzekin elkarlanean aritzeko prest gaude; etxebizitza eskubidea bermatzea gizarte osoaren ardura dela ulertzen baitugu, eta lurralde mailako erronka horri erantzuteko agente desberdinen arteko lankidetza ezinbestekoa baita”, adierazi du Mikel CastanderZabalduz kooperatibako gizarteratze arloko zuzendariak.

Lan egiteko modua

Etxebizitzak bilatzeko hainbat estrategia eta kanal erabiltzen dituzte eta etxejabe batek Limesen bidez etxebizitza alokatzeko prestutasuna adierazten duenean, alokairua modu seguruan kudeatu ahal izateko hainbat zerbitzu eskaintzen dizkiote; hala nola maizterren bilaketa, etxebizitzaren inbentarioa egitea, aholkularitza juridikoa, kontratu eta fiantzen kudeaketa, etxebizitzaren mantenua, etab.

 

Paraleloki, etxebizitza beharra duten pertsonekin lan egiten dute, banakako akonpainamendua nahiz beraien kabuz etxebizitza bilatzeko talde dinamikak eta formazioak eskainiz; adibidez, zerbitzu eta laguntza publikoen inguruko trebakuntza, etxebizitza bilatzeko gakoak edo nola egin elkarrizketa on bat.

Etxejabe batek Limesen bidez etxebizitza alokatzeko prestutasuna adierazten duenean, alokairua modu seguruan kudeatu ahal izateko hainbat zerbitzu eskaintzen dizkio

Bi aldeekin lanketa egitearekin batera, bateragarritasun irizpideak jarraituz, etxejabeen (edo etxea partekatu nahi dutenen) eta etxebizitza beharra duten pertsonen arteko bitartekaritza lana egiten dute.

Hiru bizikidetza modalitate

Limesek hiru bizikidetza modalitate edo metodologia eskaintzen ditu, pertsonen bizi egoera eta etxebizitza beharrak kontuan hartuta. Lehen modalitateak, Etxekideak, ohiko alokairu bitartekaritza eskaintzen du. Pisukideak eta Nagusikideak metodologiek, aldiz, etxebizitza partekatuaren eredua bultzatzen dute, etxebizitza oso bat alokatu beharrean, gela bat alokatzeko interesa edo aukera dagoen kasuetarako.

Edonola ere, hiru bizikidetza modalitate horien bidez, bitartekaritza egitean eta kontratua sinatzean ez da Limesen lana bukatzen. “Alokairu kontratuak dirauen bitartean ere, aurretiaz aipatutako zerbitzu osagarriak (etxebizitzaren mantenuan laguntza, aholkularitza…) eta bidelaguntza integrala ere eskaintzen dizkiegu maizter zein etxejabeei”, argitu du Ioritz Raserok, Limeseko teknikariak.

Ioritz Rasero: “Alokairu kontratuak dirauen bitartean ere, aurretiaz aipatutako zerbitzu osagarriak (etxebizitzaren mantenuan laguntza, aholkularitza…) eta bidelaguntza integrala ere eskaintzen dizkiegu maizter zein etxejabeei"

Gainera, enpresaren oinarrietako bat gardentasuna da. Ez dute kontraprestazio ekonomikorik eskatzen haien zerbitzuengatik; era horretara, alokairua eskuragarriago bihurtuz eta alde bien artean harreman justu eta orekatua sustatuz. Izan ere, gizarte ekimenetik jaiotako proiektua da, irabazi asmorik ez duena, eta hori guztia posible egiteko erakunde publiko zein pribatuen babes ekonomikoa du.

Etxe-agentzia soziala

Limesen jarduera, alokairu soziala eta etxebizitza partekatuak bultzatzeko bidelaguntza eta bitartekaritza zerbitzu bezala defini daiteke: enpresa tradizional baten antzera, etxe-agentzia bat izanik, haien ikuspegia soziala da. “Zehatzago esanda, Limes etxejabeen eta maizterren arteko konfiantzazko lotura eraikitzen duen etxe agentzia da, non elkarlanean oinarritutako eredua martxan jarri dugun pertsonen beharrak modu integralean asetzeko”esan du Raserok. Haien ustez, etxebizitzaren arazoari inklusibitate eta eraldaketa sozialeko ikuspuntutik heltzea beharrezkoa da, eta horretan lan egiten dute.

"Limes etxejabeen eta maizterren arteko konfiantzazko lotura eraikitzen duen etxe agentzia da, non elkarlanean oinarritutako eredua martxan jarri dugun pertsonen beharrak modu integralean asetzeko”

Horregatik, enpresaren jarduera Limesen balioen isla da; hau da, pertsonen arteko elkarlan eta konfiantza giroan oinarritutako bitartekaritza zerbitzu bat eskaintzea. Praktikan, Limesen jarduera etxebizitza alokairuaren merkatu tradizionaletik harago doa, eta gizarte ongizatea lehenesten du, asmoa errenta bidezkoagoa eta pertsonenganako errespetuzkoa den alokairu eredu bat sustatzea delarik.

Gardetasuna erdigunean

Limes ibilbide labur baina sendoa duen proiektua da. Publiko egin aurretik, hainbat hilabete aritu dira proiektua diseinatzen, eta fase horretan haien inguruko nahiz nazioarteko hainbat esperientzia ezagutu eta aztertzeko denbora izan dute. Esperientzia horietatik ateratako ikasketetan oinarrituta diseinatu dute, hein handi batean, Limes.

Diseinu fasea bukatuta, hasierako urratsa egitasmoa jendaurrean aurkeztea izan da, eta, dagoeneko, lehen emaitzak ikusten ari dira. “Aurretik dugun erronka handia bada ere, mota honetako egitasmoak beharrezkoak direla argi daukagu, eta lankidetza sare indartsu bati esker, gure aletxoa jartzean ari garela uste dugu”, adierazi du Raserok. “Ez gara etxebizitza bat aurkitzen laguntzen duen ohiko zerbitzu bat”, gehitu du.

Bi finantzazio iturri

Limes hainbat dirulaguntza deialdiren eta Zabalduz kooperatibaren bidez finantzatzen da nagusiki.  Proiektua Zabalduzen egitura juridikopean dago kokatuta, eta gizarte ekimeneko dirulaguntza deialdi publiko zein pribatuetatik eta kooperatibaren funts propiek sostengatzen dute. Era berean, kontuan izan behar da ez dietela kontraprestazio ekonomikorik kobratzen erabiltzaileei; horregatik, ezinbestekoak dira funts publiko zein pribatu horiek.

Etorkizunari begira, enpresaren helburua jarduera zabaltzea eta finkatzea da, zerbitzua eskuragarriagoa egiteko pertsona gehiagorentzat. Horretarako, funtsezkoa izango da lankidetza publikoa, pribatua eta komunitarioa sendotzea, eta finantzaketa-lerro berriak aktibatzea.

Garapen fasean murgilduta

Proiektua garapen fasean dago, eta haren jarduera ekonomikoa ez dago merkatu-logika tradizionalean oinarrituta; gizarte helburuei erantzuten dien irabazi asmorik gabeko ekimen kolaboratibo eta berritzaile gisa ulertzen da. Honenbestez, ez dute haien zerbitzuengatik fakturatzen, nahiz eta aurretiaz aipatutako funts desberdinei esker urteko aurrekontu bat kudeatzen duten, proiektua aurrera eramateko beharrezkoak diren baliabideak izateko. Etorkizunean, finantzaketa publiko eta pribatuen bidez proiektua sendotzen eta egonkortzen jarraitzeko asmoa dute, beti ere gardentasunez eta erantzukizunez jokatuz. 

Limes Zabalduz kooperatibak bultzatutako egitasmo bat den heinean, esku hartze sozialaren esparruan kokatzen da. Kooperatiban gizarte ekonomiaren baitan lan egiten dute, eta haien jarduera nagusia gizarte zerbitzuen eraldaketarako bidean kokatzen da, eredu publiko-komunitario baten alde eginez. Sektorearen egoera erronka anitzek zehazten dute: gizartearen zahartzea, biztanleriaren aniztasuna, gazteen emantzipazio zailtasunak, osasun mentalaren inguruko behar berriak eta bakardadearen hazkundea, besteak beste. “Horrek guztiek gizarte politiken eta zaintza sistemen berrantolaketa eskatzen dute, eta horretan ari gara lanean”, adierazi du Castanderrek.

Testuinguru horretan, sektorea biziki garrantzitsua bihurtu da, baina oraindik ez da behar bezainbeste aitortua edo baliabidez hornitua. Gure lana ezinbestekoa da kalitatezko arreta bermatzeko eta justizia soziala erdigunean jartzeko”aldarrikatu du Raserok.

Etxebizitza justuagoa eta inklusiboagoa

Epe ertainean, Zabalduzen egun dituzten proiektuak finkatzea eta haien inpaktua handitzea da lehentasuna; horien artean, Batzen (gazteen emantziopaziorako laguntza sarea), Auzosare (adinekoen bakardadea arintzeko komunitate proiektua), Bertatik (laneratze enpresa) eta beste hainbat ekimen daude. Aldi berean, etorkizunari begira, nazioarteko lankidetzarako proiektuak lantzen ari dira; esate baterako, funts europarren bidez, garatzen ari diren Transislab proiektua, zahartzeari eta mendekotasunari buruzko esperientzia pilotuak sustatzen ari dena.

Gainera, etxebizitzaren arloan ere, hainbat udalek bultzatutako etxebizitza komunitarioetan bidelaguntza zerbitzuak eskaintzen ari dira, baita erakunde publikoentzat hainbat gida diseinatzen ere; hala nola zaintza komunitarioen gida edo coliving etxebizitza ereduaren gida.

Gazteen emantzipazio prozesuak erraztea bilatzea da erronka nagusia, bereziki gizarte bazterkeria egoeran daudenen kasuetan. Gaur egun, geroz eta gazte gehiagok zailtasunak dituzte etxebizitza lortzeko eta lan duin bat eskuratzeko, eta horrek eragin zuzena du haien osasun mentalean eta etorkizuneko aukeretan. “Orain dela lau urte, gazteek beraien independentzia ekonomikoa, emantzipazioa eta inklusioa lortzeko enplegu baten beharra zutela ikusi genuen, eta behar horri erantzuteko Batzen proiektua bultzatu genuen”, adierazi du Castanderrek.

Erakunde publikoentzat hainbat gida diseinatzen ari dira; hala nola zaintza komunitarioen gida edo coliving etxebizitza ereduaren gida

Batzenen bidez gazteen potentziala aktibatzen dute, haien aukerak zabaltzen dituzte eta gizarteratze eta laneratzeko prozesu erreal eta eraginkorrak sustatzen dituzte, gizarte justuago eta inklusiboago baten alde. Dagoeneko proiektua bere fruituak ematen ari da, eta orain gazteen emantzipazio eta inklusioa lortzeko bidean mahai gainean duten erronka nagusia etxebizitzarena da, horregatik, jarri dute abian Limes egitasmoa.