Duela aste batzuk CAF konpainia hautatu zuen Belgikako trenbide konpainia publikoak (SNCB), 1.700 milioi eta 3.400 milioi euro arteko kontratuarekin Belgikako trenen flota berritzeko. Zehazki, 180 eta 600 tren artean egin beharko ditu Beasaingo konpainiak. Alstom konpainia frantsesa zen kontratu erraldoi hori lor zezakeen beste enpresa bat, baina azkenean Beasaindarrak eskuratu zuen akordioa.
Alstom multinazionaleko Brujaseko (Belgika) lantegiko enplegatuek, ordea, ez dute bat egin hartutako erabakiarekin, eta atzo geldialdia egin zuten lan jardunaldian zehar. Izan ere, SNCBk euskal enpresa hautatu izanak, Alstomeko lantegiaren etorkizuna kolokan jarriko duela uste dute langileek.
Ildo beretik, konpainia frantsesak erabaki du berriro ere helegitea aurkeztea kontratua bereganatzeko, argumentu berriak eskainita, eta, hortaz, Belgikako Estatu Kontseilua berriro era elkartu beharko da konpainiaren arrazoiak entzuteko. Ez da enpresak helegitea aurkeztu duen lehen aldia: uztailean SNCBk kontratua CAFi ematea erabaki ondoren, Alstomek errekurtsoa aurkeztu zuen Siemensekin batera, beraien eskaintza 100 milioi euro merkeagoa izateaz gain, tokiko enplegua sustatzeko gai zelako.
Hala ere, azkenean Kontseiluak CAFen esleipenaren alde egin zuen, eta, akordioa aurrera ateratzen bada, euskal konpainiaren historiako kontratu handienetariko bat bihurtuko da.