Dorlazka ingurumenaren eta jasangarritasunaren arloan diharduen aholkularitza da, non helburua enpresei esparru horietan laguntzea duen; hain zuzen ere, ingurumenaren, gizartearen eta ekonomiaren arteko oreka bilatzen, eraldaketa estrategikoa eta kulturala errazten die bere bezeroei. Ez dute bulego fisikorik, eta hiru bazkidek osatutako kooperatiba txiki bat dira: Ane Dorronsoro, Marisol Lazkanoiturburu eta Josu Dorronsoro.
Euskararen erabilera haien printzipio nagusietako bat da, Beasainen (Gipuzkoa) sortutako enpresa bat izanik. Testuinguru horretan, 2025eko maiatzean Harrobi ziurtagiria lortu zuten. “Guretzat euskararekiko aitortza da: egunerokoan euskarari ematen diogun garrantziaren eta egiten dugun lanaren froga”, adierazi du Ane Dorronsoro konpainiako zuzendariak. Bezeroei eta eragileei erakusten diete haien konpromisoa sinbolikoa baino gehiago dela, eta haien zerbitzuak euskaraz eskaintzeko gaitasuna dutela.
Euskara, ama-hizkuntza
Euskara enpresaren hizkuntza naturala da, bere ama-hizkuntza: barne-komunikazioan, bileretan, dokumentazioan eta kanpo-harremanetan erabiltzen dute, bezeroaren hizkuntza-ohituretara egokituta.
Euskararen egungo kudeaketara ailegatzeko, ordea, lan asko egin behar izan dute, sarean oinarritutako filosofiarekin eta konfiantzazko harremanekin. Dorronsorok dioenez, oinarri sendoa jarri dute: metodologia propioa, lana antolatzeko sistema eta pertsonen arteko konpromisoa. “Hala ere, asko dugu egiteko oraindik: zerbitzu gero eta borobilagoak eta integralagoak eskaintzea da gure helburua”, aitortu du.
2021ean, familian sortutako kooperatiba txikia
Hainbat zerbitzu garatzen ditu Dorlazkak. Lehenik eta behin, jasangarritasun korporatiboa, metodologia propioak erabiliz. Bigarrenik, kudeaketa eta aholkularitza ingurumen arloan: hondakinen kudeaketa, karbono aztarna, lege-betebeharren eguneraketa, txostenak, baimenak... eta, hirugarrenik, gai askotariko formakuntza.
Kooperatiba txiki bat izanda ere, egitura argia du. Dorronsoro zuzendaria, proiektuen gidaria eta alderdi teknikoen arduraduna da. Josu Dorronsoro estrategia eta komunikazioaren arloko espezialista da eta, eta Lazkanoiturburu administrazioaz eta kudeaketaz ekonomikoa arduratzen da. Horrez gain, kanpoko kolaboratzaile sarea dute, proiektu bakoitzaren beharretara egokitzen dena.
Ane Dorronsoro: "Telelana da gure oinarria, eta honek malgutasun eta eraginkortasun handia ematen digu. Bezeroekin bilera presentzialak egiten ditugu behar denean, eta bestelakoetan bideo-deiak eta tresna kolaboratiboak erabiltzen ditugu”
Gehienbat Euskal Herrian egiten dute lan, baina bezeroak dituzte Espainian ere. Enpresa Beasaingoa bada ere, ez dute bulegorik, eta telelanak haien jarduna zabaltzeko aukera ematen die. “Telelana da gure oinarria, eta honek malgutasun eta eraginkortasun handia ematen digu. Bezeroekin bilera presentzialak egiten ditugu behar denean, eta bestelakoetan bideo-deiak eta tresna kolaboratiboak erabiltzen ditugu”, esan du Dorronsorok. Gainera, coworking espazioak eta udal instalazioak ere erabiltzen dituzte noizean behin, aurrez aurreko lanak koordinatzeko; adibidez, tailerrak edo formakuntzak eskaintzen dituztenean.
Kulturaren eta erabaki estrategikoen parte
Enpresa txikia izanik, oraindik ez dute kudeaketa planifikatu oso zehatzik, eraikitzen ari dira. Hala ere, euskara Dorlazkaren kulturaren parte den heinean, erabaki estrategikoetan bere lekua du. Horregatik, euskara bultzatzeko estrategiak ere badituzte. Esate baterako, eguneroko praktiketan txertatuz: bilerak euskaraz, idazkiak euskaraz lehenestea, bezeroari aukera ematea, eta haien marka euskararekin lotzea.
“Epe laburrean gure marka eta kanpo komunikazioan euskarari merezi duen balioa eta espazioa ematea lortu nahi dugu, adibidez, Harrobi zigilua txertatuta”, azaldu du Dorronsorok. Epe luzera, aldiz, euskara guztiz integratu nahi dute metodologia propioetan eta kooperatibaren hazkundean, bai barnean, bai proiektuetan eta aliantzetan.