Urtero, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresaburu bat saritzea du helburu Joxe Mari Korta Sariak. Eusko Jaurlaritzak, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren bidez, antolatutako egitasmoa da, eta aurtengoan Amaia Susperregui Jaso Group taldeko presidenteari egingo dio aitortza.
Ordiziarra da Susperregui, eta Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziatua da Donostiako Deustuko Unibertsitatean, Finantza Zuzendaritzako espezialitatearekin. 1991. urtean sartu zen Jaso Equipos de Obras S.A. enpresan, eraikuntzarako dorre-garabien diseinuan eta fabrikazioan diharduen enpresan. Bere jarduera profesional osoa enpresa horretan eta Jaso taldeko gainerako enpresetan garatu du.
Adegiren Kontseilu Errektoreko kide (2006-2012), eta Batzorde Exekutiboko kide (2012-2015) izan da. Era berean, Jasoren ordezkari izan daCECEn, eraikuntzarako makinen fabrikatzaileen Europako elkartean, 2008 eta 2022 artean.
“Amaia Susperreguik bere ibilbide osoan zehar jarduera profesionala ulertzeko modu bat erakutsi du; zorroztasunean, irmotasunean, industria-bikaintasunean eta zerbitzurako bokazioan oinarritua. Bere lana nabarmendu da konfiantza sortzeko gaitasunagatik, nazioarteko proiektuak bultzatzeko ahalmenagatik, kalitatezko enplegua sustatzeagatik, pertsonak bidelagun izateagatik eta industria-bikaintasuna indartzeagatik”, adierazi du Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak ohar bidez.
Saria urriaren 22an emango da Ajuria Enean, Imanol Pradales Lehendakaria buru izango duen ekitaldian.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta