Azken bi urteetan bezala, 2025ean ere inoizko fakturazio handiena erdietsi zuen Ampok. Iaz 281 milioi euro fakturatu zituen kooperatibak, eta eskaera zorroa ere handitu zuen. Balbulen eta balio teknologiko handiko sistemen diseinuan eta fabrikazioan aritzen da Ampo, eta azken urteetan, dibertsifikazio sektorialaren aldeko apustua egin du. Gauzak horrela, hainbat sektoretan aritzen da: GNLan, gasaren garraioan eta prozesamenduan, fintzean eta petrokimikan, meatzaritzan, subsean eta karbono gutxiko energietan. Kooperatibak azaldu duenez, eskaera-zorro sendoa eta lan-karga handia finkatu ditu 2026rako.
“AMPOren bilakaerak gero eta zorrotzagoa eta teknologikoagoa den industria eta energia ingurunera egokitzeko dugun gaitasuna islatzen du. Gure bezeroen konfiantzak, gure posizio dibertsifikatuak eta berrikuntzaren, nazioartekotzearen eta soluzio aurreratuen garapenaren aldeko gure apustuak modu jasangarrian hazten jarraitzeko eta maila globalean erreferentziazkoak diren bezeroekin harreman estrategikoak finkatzeko aukera ematen digute. Horren erakusgarri da 2026. urte honetarako eta 2027. urtearen hasierarako jarduera bermatuta dugula”, adierazi du Ibon Imaz kooperatibako zuzendariak.
Ampok Estatu Batuak, Ekialde Ertaina, Asia eta Australia ditu merkatu nagusi, eta herrialde horietan presentzia indartu duela jakinarazi du. Era berean, kooperatibak apustua egiten jarraitzen du teknologia berriak, soluzio adimendunak eta balio erantsi handiko produktuak garatzearen alde, gero eta aurreratuagoa eta efizienteagoa den industria baten beharrei erantzuteko.
2026ra begira, fakturazioa %15 eta %20 artean handitzea aurreikusten du Idiazabalgo kooperatibak. Gaur- gaurkoz fabrikak ditu Idiazabalen, Indian, Saudi Arabian eta Kazakhstanen, eta 1.000 lagun inguruko lantaldea du.