
Euskal Herrira itzuli edo etortzeko arrazoiak askotarikoak dira. Migratu zuten euskaldunentzako, sustrai emozionalak pisu asko dauka. “Familiarekiko eta kulturarekiko sentitzen duten lotura emozionala etengabeko kilker hiztuna da,” azaldu du Ander Markinak, Konexioko negozio sustatzaileak.
Askok bueltatzea aukeratzen dute haien seme-alabak bizitza kalitate handiagoko giro batean hazteko. Atzerriko profesionalen kasuan beste faktore batzuk aztertu behar dira: garapen profesionala, segurtasuna, fiskalitatea eta ingurune natural pribilegiatua.
Tentsiodun merkatua
Euskal Herriko lan-merkatuak paradoxa bat bizi du: enpresak digitalizaziorantz, robotizaziorantz edo adimen artifizialerantz aurrera egiten ari diren bitartean, gero eta zailagoa da trantsizio horren buru izango diren profesionalak aurkitzea. Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, EAEn oinarri teknologikoko 900 enpresa baino gehiago daude, 6.000 enplegu inguru sortzen dituztenak eta urtean 350 milioi euro inguruko fakturazioa dutenak. Hala ere, profil kualifikatuen eskaera erritmo biziagoan ari da hazten talentua trebatzeko eta erakartzeko gaitasuna baino.
Markinak argi laburbildu du: “Gure inguruko enpresa gero eta gehiagok gaur hemen bizi ez diren pertsonak kontratatu eta birlokalizatu beharko dituzte. Matematika kontua da; ez da beste aukerarik izango.”
Ander Markina (Konexio): “Gure inguruko enpresa gero eta gehiagok gaur hemen bizi ez diren pertsonak kontratatu eta birlokalizatu beharko dituzte. Matematika kontua da”
Sektorerik tenstionatuenak IKTekin, ingeniaritza aurreratuarekin, zibersegurtasunarekin, softwarearen garapenarekin eta datuen zientziarekin lotutakoak dira. Enpresa askok aitortzen dute hilabeteak behar izaten dituztela lanpostu bat betetzeko, eta, batzuetan, uko egin behar izaten diete proiektuei espezialista faltagatik.
Eusko Jaurlaritzak eten hori arindu nahi du BDIH Konexio programaren bidez. Programa horrek 1,4 milioi euro bideratuko ditu industriaren digitalizazioa sustatzeko. Hala ere, enplegu horiek betetzeko pertsonarik gabe, finantzaketa soilik ez da aski.
Sektorerik tenstionatuenak IKTekin, ingeniaritza aurreratuarekin, zibersegurtasunarekin, softwarearen garapenarekin eta datuen zientziarekin lotutakoak dira
Emaitza talentua erakartzeko lasterketa bat da, ez bakarrik EAE, baizik eta Europako beste eskualde batzuekin lehia zuzenean. “Profesional askok bizi-kalitatea eta lan-proiektua maila berean baloratzen dituzte; esan daiteke EAE oso egokia dela oreka hori bilatzen dutenentzat”, dio Markinak, sinesten baitu lurraldeak bere xarma ondo kudeatuz gero bere alde joka dezakeela.
Langileen beharrei erantzun
Konexio Bilbon sortu zen, 2017an, eta helburu du zerbitzu integrala eskaintzea atzerritik pertsonak ekartzeko, pertsona nongoa den begiratu gabe. Lan egiteko modua argia da: profilak bilatzen ditu hamar egun eskasean, birlokalizatu egiten ditu, eta lege-laguntza ematen du. Bere SeleKtion Methodak hautagaien antzemate azkarra bermatzen du eta Bilboko Digital Hubak 18 hilabetez hartzen ditu hautagaiak, enpresan finkatu arte.
“Ez dago errezeta bakarra: kasu bakoitza modu indibidualean aztertu behar da”, adierazi du Markinak bisatu eta baimenetarako legezko tramiteei buruz. Enpresa ere integrazio kultural eta familiarraz arduratzen da, prozesua administrazio gaiei buruz haratago doala jakinez.
Ander Markina (Konexio): “Ez dago errezeta bakarra: kasu bakoitza modu indibidualean aztertu behar da”
Konexioren alderdi bereizgarrietako bat da “migrazio-dolua” deritzonari arreta jartzea, beste herrialde batera joatearen eragin emozionala. “Migrazioaren doluak hiru urte inguru iraun dezake. Guk esperientzia bizi izan duten pertsonak iritsi berriekin elkartzen ditugu, babes-sarea sortzeko”, azaldu du Markinak. Beraien aldetik sentikortasuna eta hurbiltasuna eskaintzen saiatzen dira, kanpotik datorrenari besoa luzatu eta hitz egiteko segurtasun-gune bat sortuta.
Komunitatea trinkotu
Konpainia honen zereginak istorio askotarako lekua eman du. Lurraldea ezagutu gabe Donostiara etorri zen gazte argentiniar batena bezala. Markinarekin elkartu zen duela gutxi eta hizketan ari zirela aitortu zion hasieran ez zekiela non zegoen EAE.
“Zurriolako pasealekuan elkartu ginen, olatuei begira geundela. Bere bikotearekin zebilen eta aitortu zidan esperientziarekin eta enpresarekin oso pozik zegoela. Bikotekideak irribarrez esan zidan Europara bidaiatzeko ametsa zutela, baina guk 'bahitu' egin genuela; gero, gehitu zuen Argentinan ikasketak bukatutakoan berak ere hona etorri nahiko lukeela eta CVa bidaliko zidala”.
Burokrazia motela, etxebizitza lortzea edo euskara oztopo gisa ikusten dira oraindik
Enpresentzat ere balioa sortzen ari direla aitortu diete haiek: "gure balio erantsia azken millara iristean datzala onartu digute eta modu honetara Argentinatik, Errusiatik, Perutik, Indiatik edota Kolonbiatik pertsonak ekartzen lagundu ditugu. Orain adibidez Zegamako enpresa batentzat Kolonbiatik eta Malaysiatik pertsonak ekartzeko pausoak ematen ari gara".
Burokrazia motela, etxebizitza lortzea edo euskara oztopo gisa ikusten dira oraindik. “Euskara balioan jartzen dugun heinean, pertsona horiek ere euskararekiko maitasuna sentitzen hasiko dira eta pixkanaka hitzak eta esaldiak barneratzen joango dira,” konfiantza du Markinak.
Ander Markina (Konexio): "Argentinatik, Errusiatik, Perutik, Indiatik edota Kolonbiatik pertsonak ekartzen lagundu ditugu"
Euskal Herriak inflexio-puntu bati egin behar dio aurre: belaunaldi errelebo nahikorik gabe, talentua erakartzea biziraupen-kontu bihurtu da. Bide horretan, gakoa ez da soilik lanpostu hutsak betetzea, baizik eta komunitatea trinkotzea eta herrialde baten etorkizuna bermatzea.