Antolaketa anbidiestroa: etorkizunera begira, egunerokotasuna galdu gabe

Eguneroko errentagarritasuna etorkizuneko negozio aukera berriekin uztartzea eskatzen die enpresei antolaketa anbidiestroak. Hori lantzeko prozesua ari dira egiten Goierri Valleyn zenbait enpresekin

Argazkia: Goierri Valleyk utzita Argazkia: Goierri Valleyk utzita

Oso ohikoa izaten da enpresek, egunerokotasunari erantzuteko bidean, epe ertain eta luzeko begirada izateko zailtasunak izatea. Hain zuzen ere, bien arteko oreka bilatzen du antolaketa anbidiestroak. "Eguneroko errentagarritasuna eta lanarekin jarraituz, etorkizuneko negozio bide berriak ere aztertzea eta identifikatzen joatea da". Hala definitu du kontzeptua Ane Urteaga Goierri Valleyko proiektu arduradunak. Bestela esanda, antolaketa modu horrek "ustiapena" eta "esplorazioa" uztartzen ditu.

Lehenak, epe motzari, are egunerokoari egiten dio erreferentzia, "enpresak egunerokotasunean bere jarduerarekin jarraitzea, produktu, zerbitzu eta abarrak bezeroei eskainiz, betiere errentagarritasuna eta lehiakortasuna bilatuz". Esplorazioak, berriz, epe ertain eta luzeago baten jartzen du begirada. "Enpresaren etorkizuneko aukerak identifikatzea, egun eskaintzen dituen produktu edo zerbitzuez haratago". Zenbaitetan, bi kasuetan bezero berdinak edo zerbitzu berdinak izango dira, baina ez beti.

Kulturatik tresnetara

Hain zuzen, hori lantzeko prozesua abiarazi du Goierri Valleyk zenbait enpresekin, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Garapeneko departamentuak diruz lagunduta. Prozesuan parte hartzen ari diren profilak dira batik bat gerente eta zuzendari nagusiak, eta bitarteko zuzendariak. "Zuzendaritza eta jabetzaren inplikazioa ezinbestekoa da halako zerbait bultzatzeko, eta eurak ikusi behar dute", adierazi du Urteagak. Izan ere, enpresa guztiaren antolaketa edo estrategia du oinarri antolaketa anbidiestroak.

Proiektuari dagokionez, helburu du, batetik, identifikatzea enpresak zein puntutan dauden ustiapenari eta esplorazioari dagokionez. Horretarako, aztertu eta identifikatu behar izan duten lehen gauzak dira kultura eta ekintza enpresariala. "Kulturan sartzen dira erabakiak nola hartzen diren, lidergoa nola aplikatzen den, estrategia bera, misioa eta ekipoaren rolak... Ekintzan, berriz, berrikuntza prozesuak, koordinazioa, komunikazioa...". 

Ane Urteaga: "Zuzendaritza eta jabetzaren inplikazioa ezinbestekoa da halako zerbait [antolaketa anbidiestroa] bultzatzeko, eta eurak ikusi behar dute"

Bestetik, diagnostikoa eginda, xede du enpresari ikusaraztea zein erreminta dauden, nork "bere errealitatera hoberen egokitzen diren tresnak" hartzeko. Horien artean lantzen ari dira, besteak beste, "zaintza teknologikoa eta lehiakorra, kanpora ateratzea, rolak ondo definitzea, berrikuntza gaiak eta esplorazioa txertatuta izatea egunerokotasunean, edo aldagaiak sartzea". Tresna horien artean dira, gainera, pertsonen gaitzea bultzatzea —"denek ez baitute edozertarako balio egun dituzten gaitasunekin"— komunikazio eta kooperazioari loturikoak ere. Azken horren adibide dira "kudeaketa organoetako barne komunikazioa" eta "komunikazio hori nola gauzatzen den".

Goilaser: 'ezkutuko' esplorazioa

Goierri Valleyk abiarazitako prozesuan arestian aipaturiko esparruak ari dira lantzen. Enpresa talde txiki batek dihardu. Izan ere, gehiagorentzat prozesu interesgarria izan badaiteke ere, euren egunerokotasunak are pisu handiagoa hartu du une honetan. Goilaser, baina, parte hartzen ari da. Zegaman kokatua, 25 urte bete berri ditu. Sei bazkide eta 47 langile dira, "tamaina txikiko galdarategi" baten. Laser mozketako zerbitzua eskaintzen du, bai xaflan, bai hodietan. Zulaketa, hariztatzea, tolestea, robot bitartezko soldadura eta kanpo lanak ere egiten ditu. "Normalean 300km inguruan eramaten ditugu asko jota produktuak, nahiz eta Frantzian ere baditugun bizpahiru bezero".

Ruben Elizondo da bertako gerentea iazko uztailetik. "Egoera aztertuta, ohartu ginen Goilaserrek bere DNAn eta estrategian esplorazio maila handia duela txertatuta", azaldu du. Ez zekiten hala zenik. "Bere estrategian inplizituki biltzen du bezeroari une oro behar duena ematea, etengabeko esplorazio estrategia ezarriz".

Ruben Elizondo: "Egoera aztertuta, ohartu ginen Goilaserrek bere DNAn eta estrategian esplorazio maila handia duela txertatuta"

Dena den, betidanik izan dute erronka bat: euren produktu propioa garatzea. "Saiatu gara, baina ez da atera orain arte". Hala ere, duela hilabete batzuk aukera atera zitzaien artikulu propioa garatzeko. Hain zuzen, une honetan aztertzen ari dira zein inpaktu izan dezakeen, testuingurua bera kontuan izanda. "Prozesuan parte hartu aurretik, guk egin behar genuena zen produktua besterik gabe txertatu, eta eginaz finkatu hurrengo pausoak; kasu honetan, ordea, prozesu bat egiten ari gara ikusteko zein inpaktu eduki dezakeen, zer aprobetxatu daitekeen eta zer berritu behar den, eta etor daitekeen horren aurrean nola erantzun prestatzeko ere".

Oraindik hastapenetan daude, eta orain hasi beharko dira prozesuan garatutakoa txertatzen. "Falta diren saioetan azkeneko datuak txertatu ahalko ditugu, lehen analisia egiteko, eurekin", dio. Esperientzia ontzat jo du Elizondok. "Eurek bultzatzen zaituzte esploratzera, ustiapena egin ahal izateko, are orain ustiatzen ari zaren horrek amaiera izan dezakeelako". Eta ez hori bakarrik. "Esplorazioa egin behar dela esateaz harago, nolabait antolatzen eta helarazten ari dira nola izan behar duen esplorazio horrek". Era berean, berrikuntza prozesu berriak finkatzen lagunduko diete, negozio berri bat sortzen denean, esaterako. "Esploratzea ez soilik merkatua edo bezero berriak, baizik eta aukerak".

Oreka eta motibazioa

"Ustiapena eta esplorazioaren arteko oreka bilatzen dugu, enpresa bakoitzak puntu optimo desberdina baitu", nabarmendu du Urteagak. Testuinguruak ere eragin dezake, adibidez, enpresa krisialdi baten murgilduta dagolako. "Kasu eta momentu jakin batzuetan litekeena da ustiapenean zentratzea, baina guk proiektu honetan ikusarazi nahi duguna da zein garrantzitsua den esplorazioa eta epe luzeko hori kontutan hartzea", gehitu du.

Horrekin batera, Goierri Valleykoak azpimarratu du enpresek eta bertako langilek "motibazioa" izan behar dutela, edo behintzat "horizonte bat", horrela askoz errazago bideratzen baita. "Ez gaitzala geldirik harrapatu".

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK