
María Chivite Nafarroako presidenteak Tuterako AR Racking enpresa bisitatu du, José Luis Arasti Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariarekin batera. Izan ere, Nafarroako Inbertsio Institutuak inbertsioa egin duen lehen enpresa da, 8 milioi eurorekin. Diruarekin, konpainiak bere hazkundea “sendotu” eta “nazioarteko hedapena” indartuko du, baita enplegua eta garapen teknologikoa sustatu ere, batik bat, Nafarroako Erriberan.
8 milioi euro horiek enpresak berak eginiko 20 milioi euroko inbertsio planaren barruan kokatzen dira, eta, hala, konpainiak 35 enplegu sortzea aurreikusi du. Arania Taldearen parte denak Estatu Batuetako eta Latinoamerikako merkatuetara hedatu nahi du jarduera, jada 60 herrialde baino gehiagotara iritsi bada ere. AR Racking “enpresa erreferentea” da biltegiratze industrialeko sistemetan.
Chivitek Nafarroako Inbertsio Institutuaren garrantzia azpimarratu du bisitan, eta gogorarazi du Nafarroarekin konpromisoa duten enpresak babesteko tresna izango dela. Nafarroako Gobernuak sortutako inbertsio erakundeak helburu du garapen ekonomikoa bultatzea, “funtsezko sektoreei” finantza-laguntza emanda.