Arabako enpresek merkatuari buruzko pertzepzio hobexeagoarekin ekin diote 2026ari, azken hilabeteetako dezelerazioaren ondoren. Oraindik ziklo aldaketa argirik aipatzen ez den arren, 2025eko itxierarekin alderatuta, espektatiben hobekuntza nabari da, ziurgabetasunak markatutako testuingurua izangatik ere. Bilakaera horren ondorioz, datozen hilabeteetarako ikuspegia baikorragoa da, SEA Arabako Enpresen elkarteak egindako azken behatokiaren emaitzen arabera.
Inkesta urtarrilean egin zen, bost sektoretako 225 konpainiaren artean, eta hamar enpresatik lauk errentagarritasuna murriztu dutela erakutsi du, nahiz eta ehuneko hori aurreko inkestakoa baino hamasei puntu txikiagoa izan. Aldi berean, kostuen igoerak faktore erabakigarria izaten jarraitzen du: enpresen %60k hornikuntzak garestitu direla adierazten du, batez besteko prezioen %8ko gorarkadarekin.
Egoera hori izanik ere, jarduera maila nahiko altua da. Enpresen %74k %60tik gorako produkzio-gaitasuna du, eta, hala, aurreko txostenetan izandako beheranzko joera geldiarazi da. Kanpo-merkatuari dagokionez ere emaitza hobeak izan dira; izan ere, konpainien bi herenek beren egoerari eutsi diote edo hobetu egin dute.
Enpresa-sarea gehien kezkatzen duten faktoreen artean, laneko absentismoa (gehiengoak arazo nagusitzat jo duena) eta langile berriak lortzeko zailtasunak nabarmentzen dira. Gauzak horrela, enpresen %67ak datozen hilabeteetan plantillari eustea aurreikusten du, eta murrizketak aurreikusten ditu konpainien %14ak. Gainera, konpainiek erakundeei eskatzen diete, lehentasunez, karga fiskala murriztea eta lan harremanetan gutxiago esku hartzea.