• ENPRESAK GAUR
  • Arabako aldundiak eta BAICek ETEetan adimen artifiziala bizkortzeko programa aurkeztu dute

Arabako aldundiak eta BAICek ETEetan adimen artifiziala bizkortzeko programa aurkeztu dute

Egitasmoan Arabako 20-25 enpresa txiki eta ertainek parte hartuko dute hasiera batean

Saray Zarate eta Laura Marron, gaurko agerraldian | Argazkia: Arabako Foru Aldundia
Saray Zarate eta Laura Marron, gaurko agerraldian | Argazkia: Arabako Foru Aldundia
2026ko maiatzaren 8a - 12:51
Eg. 2026ko maiatzaren 8a - 13:58

Arabako Foru Aldundiak eta BAIC Basque Artificial Intelligence Centerrek lankidetza-hitzarmena adostu dute enpresa txiki eta ertainetan adimen artifizialaren txertaketa bizkortzeko asmoz. Azaldu dutenez, lankidetzaren helburua da adimen artifizialaren potentziala hobeto ulertzea, heldutasun-maila aztertzea, negozio-erronka zehatzak identifikatzea eta benetako proiektuetan garatu ahal izateko prestatzea.

 

Egitasmoak prestakuntza, banakako diagnostikoa, enpresa-erronkei buruzko lana eta ekosistema teknologikoaren erakunde hornitzaileekiko lotura uztartuko ditu.

Saray Zarate Arabako Foru Aldundiko Ekonomiaren Garapen eta Jasangarritasun diputatuak nabarmendu duenez, "adimen artifiziala gure enpresen lehiakortasuna hobetzeko aukera bat da, baina modu ordenatuan, erabilgarrian eta benetako beharrekin konektatuta hartu behar da. Programa honek Arabako enpresa txiki eta ertainei lagundu nahi die urrats hori ematen, laguntza adituarekin eta begirada praktiko batekin".

 

Laura Marrón BAICeko arduraduna ere izan da akordioaren aurkezpenean eta adierazi du BAIC lanean ari dela EAEn adimen artifizialaren ezarpena bizkortzeko.

Programan Arabako 20-25 enpresa txiki eta ertainek parte hartuko dute hasiera batean. Lehen prestakuntza eta diagnostiko fase baten ondoren, hamar enpresa hautatuko dira, teknologia-hornitzaileekin asmatzeko, sakontzeko eta kontrastatzeko fase aurreratu batean jarraitzeko.