• ENPRESAK GAUR
  • Arabako enpresen erdiak baino gehiagok errentagarritasun marjinak murriztu dituela dio SEAk

Arabako enpresen erdiak baino gehiagok errentagarritasun marjinak murriztu dituela dio SEAk

Patronalaren azterlan baten arabera, profil profesional jakin batzuk aurkitzeko zailtasuna eta absentismoa dira enpresen kezka nagusiak

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
2026ko ekainaren 25a - 13:22

Arabako enpresen %54k beren irabazi marjinak murriztu behar izan ditu azken hilabeteetan. Hala ondorioztatu du SEA patronalak eginiko txosten batek. Arabako patronalaren arabera, enpresen errentagarritasuna da inbertsioak, berrikuntza eta enplegua sortzea ahalbidetzen dutena, eta marjinak murriztu behar izatea seinale txarra da lurraldeko ekonomiarentzat.

 

300 bat enpresek parte hartu dute SEAk eginiko azterlanean. %59k uste du egungo merkatuaren egoera normala dela, baina beste %30k dio beren sektorea atzeraldian dela.

Konpainien %72k dio eskari zorro normal edo altua duela, azken azterlanean baina 12 puntu gehiago, eta hamar enpresetatik zortzik bere ekoizpen gaitasuna %60tik gora mantendu duela. Era berean, enpresen gehiengoak (%88) lantaldea mantendu edo handitu egin du, eta %90k ere hala egitea aurreikusten du aurrerantzean.

 

Patronalaren txostenak nazioarteko egoera geopolitikoaren eragina ere aztertu du. Irango gerrak ondorioak izan ditu dagoeneko Arabako enpresen ia erdietan: %39k eragin ertaina izan duela adierazi du, eta %10ek, aldiz, eragin handia; kostu orokorren igoera da gatazkaren ondorio nagusia, enpresen %71k adierazi duenez.

Kezka nagusiak, halaber, profil profesional jakin batzuk aurkitzeko zailtasuna eta absentismoa dira.