Arabako Enpresen Foroa abiaraziko da apirilaren 3an

Gasteizko Europa Biltzar Jauregian egingo da foroa, Arabako enpresetan euskararen erabilera sustatzeko asmoarekin

Iazko Arabako Enpresen Foroko argazkia | Argazkia: Ahize Hizkuntza Aholkularitza - AEK
Iazko Arabako Enpresen Foroko argazkia | Argazkia: Ahize Hizkuntza Aholkularitza - AEK
2025eko martxoaren 24a
Eg. 2025eko apirilaren 4a

Apirilaren 3an egingo da Arabako Enpresen Foroa Gasteizko Europa Biltzar Jauregian, eta 09:15ean hasi eta 11:30ean amaituko da. Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak elkarlanean antolatzen dute jardunaldia, ‘Lanabes, Araban euskara lanean’ programaren baitan.

 

Programa horren helburua da “hizkuntzen kudeaketan interesa duten Arabako enpresen artean praktiken komunitatea aktibatzea”, zeina 2020. urtean sortu zen. Horren baitan antolatuko da foroaren edizio berria, lehenik, arestian aipatu bezala, apirilaren 3an, eta bigarrenik, irailaren 23an.

 

Lurraldeko enpresetan euskararen erabilera sustatzeko asmoarekin argitaratu dute jada apirilaren 3ko egitaraua. Harrera eta gosari instituzionalak emango dio sarrera ekimenari, eta jarraian zenbait dirulaguntzei (LanHitz eta Gasteizko Merkataritzako dirulaguntzak) buruzko azalpenak eskainiko dira. Ondoren, Euskaraldian parte hartzeko argibideak emango dira, eta euskararen gaiari jarraiki, enpresen esperientziak partekatuko dira euskararen errealitatea eta erronkak negozioen munduan zein diren ezagutzeko. Bukatzeko, “euskarazko praktiken mapa” osatuko da, eta talde lanarekin emango zaio amaiera jardunaldiari, etorkizunera begira eman daitezkeen erronkak eta aurrerapausoak aztertuta. Hori guztia egiteko zerbitzu teknikoa eskainiko du Bai Euskarari Elkarteak.

Apirilaren 3an forora bertaratu nahi duenak aurrez izena eman beharko du esteka honetan.