Aranzadi Zientzia Elkarteak enpresen mezenasgo kanpaina berezia jarri du martxan, eta, ildo beretik, aldizkari berria argitaratu du. Erakundearen arabera, babesletza “giza eskubideak, memoria historikoa, ondare kulturala eta natura defendatzeko modua” da, eta enpresei gonbidapena egin diete balio horiekin bat egiteko.
Aldizkari berriak Aranzadik garatzen dituen proiektuen berri emango du, baina dibulgaziotik harago, elkartearen konpromiso kritiko eta zorrotza ezagutaraztea du helburu. Naturan oinarritutako irtenbideak lehenesten dituen jardunaren adibide izango da.
Aldizkaria, gainera, hausnarketa eta elkarrizketarako gune gisa planteatu dute, zientzia, kultura eta ingurumenaren arteko zubiak sendotzeko. Aranzadik nabarmendu du proiektua “bizirik” dagoela, eta irakurleen ekarpenek bere garapena elikatuko dutela, komunitate zabala egitasmoarekin bat egitera animatuta.