
Arrecife Energy Systems eta Izurun Technologyren proiektuak hautatuak izan dira behin-behineko Ports 4.0 Merkataritza deialdiaren ebazpenean. Kapital-funts horrek helburu du start-upak, ikertzaileak, ekintzaileak eta enpresa txiki eta ertainak laguntzea, portu-sektoreko erronkei aurre egingo dieten proiektuak bidera ditzaten. Hala, Espainia mailako portu- eta logistika-sektorearen lehiakortasuna, eraginkortasuna, jasangarritasuna, deskarbonizazioa eta segurtasuna hobetu nahi dira, baita sektorearen digitalizazioa ere.
Guztira 66 hautagaitza aurkeztu ziren, baina ebazpenean argitu da soilik hogeita hiru proiektu onartu zirela. Horien artean, puntuazio onena eskuratu duten hamasei egitasmo finantzatuko dira, zeintzuetatik bik jaso duten Bilboko Portuaren laguntza: Arrecife Energy Systemsek (255.092,80€) eta Izurun Technologyk (348.204,04€), hain zuzen ere.
Lehenengoa trantsizio energetikoaren esparruan kokatzen da: olatuen indarraz baliatuta itsasoko energia berriztagarria sortzeko gai den soluzioan datza. “Haren sistema fluxu gurutzatuko turbinetan oinarritzen da, eta portu-azpiegituretan erraz instala daiteke”, azaldu dute. Soluzio berritzaileak aukera ematen du karbono-aztarna murrizteko, itsas garraioa eta komunitate logistikoa deskarbonizatzeko eta mantentze-lanak sinpleago egiteko.
Bigarren proiektuak portuko aktiboen kudeaketaren digitalizazioarekin du zerikusia. Zehazki, Izurun Technology enpresa MyPlantManager (MPM) proiektuaz arduratuko da, Consignaciones Toro eta Betolazarekin batera. Egitasmoa portuko terminalaren biki digital osoa sortzean oinarritzen da, zeinaren bitartez 3D simulazioak egin ahalko diren eta azpiegiturak (garabiak, orgak eta bestelako ekipoak) denbora errealean monitorizatu ahal izango diren. “Sistema horri esker, geldialdiak murriztu egingo dira, aktiboen erabilera-bizitza luzatuko da eta eragiketen segurtasuna areagotuko da”, adierazi dute.
Bilboko Portuak berretsi du bi proiektu horiek Ports 4.0ren merkataritza fasean onartu izanak agerian uzten duela euskal ekosistemak “ahalmen handia duela konponbide disruptiboak erakartzeko, baliozkotzeko eta eskalatzeko”. Bestalde, portuak gogorarazi du urte amaieran berriro irekiko dela proiektuak aurkezteko Ports 4.0ko Ideiak eta Komertziala modalitatea, eta, hortaz, gogorarazi du portua prest dagoela beren burua aurkeztu nahi duten start-up, enpresa eta ekintzaileak laguntzeko.