Arrisku psikosozialak: enpresa askoren ezkutuko gaitza

Lana gauzatzerakoan sortzen diren arriskuak dira. Lista luzea izan badaiteke ere, zortzi dira gutxienez adostu direnak, laneko estresa edo lan adikzioa, besteak beste

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Lan-arriskuen prebentzioak kontuan hartu beharreko arriskuen artean daude arrisku psikosozialak. Aitzitik, legeriak ez ditu horiek definitu eta, ondorioz, sarritan ezkutuko gaitz bihurtzen dira enpresa askotan. Zoritxarrez, gaur egungo gizarteak dituen ezaugarriengatik, halako arriskuak areagotzen ari dira. Are gehiago, behar bezalako prebentzioa gauzatu ezean, lan-istripuen eta gaixotasunen jatorri dira. Hortik arriskuok saihesteko premia.

Baina zer dira arrisku psikosozialak? Laneko Segurtasun eta Osasunerako Europako Agentziaren arabera, lana diseinatu, antolatu eta kudeatzeko orduan dauden hutsuneetatik sortutakoak dira arrisku psikosozialak, eta arriskuok ondorio psikologiko, fisiko nahiz sozial negatiboak sor ditzakete. Bestela esanda, gauzatuz gero, osasunarentzat kaltegarri izan daitezke.

Ez dago erabateko adostasunik arrisku psikosozialak zehazteko. Egin-eginean ere, lanaren eta pertsonen arteko elkarreraginaren ondorioz arrisku-mota berriak sor daitezkeenez, zerrenda irekiaren alde egin ohi da. Alabaina, egon badago gutxieneko adostasuna ondorengoak arriskuak psikosozial gisa hartzeari dagokionez: laneko estresa, burnout edo neke profesionalaren sindromea, laneko indarkeria, langileen nekea, rol anbiguotasuna, rol gatazka, lan emozionala eta lan-adikzioa.

Horrenbestez, komeni da horietariko bakoitza zehaztea edo horien norainokoa aztertzea. Izan ere, hori da aipatutako arriskuak saihestu eta borrokatzeko eman beharreko lehenengo urratsa, ondoren ebaluatu eta planifikazio egokiaren bidez neurri egokiak har daitezen. Horren guztiaren emaitzarik onena, kasuan kasuko protokoloak, eta disuasio-neurriak arautzea litzateke. Nolanahi ere, horiek eragingarriak izateko ezinbestekoa da, lehenik, arauketa-prozesuan langileen ordezkariek parte hartzea, eta, bigarrenik, langileak informatzea eta heztea. Horretarako negoziazio kolektiboa da tresna aproposa.

Azter ditzagun, bada, arestian aipatu arrisku psikosozialak.

Laneko estresa

Kontuan hartzen bada 2004ko urriaren 8ko Europako Esparru Akordioa, laneko estresari buruzkoa, langileen gaitasunik eza litzateke, exigentzia-maila jakin bati eusteko edo eurei begira jarri diren espektatibak betetzeko. Gaixotasuna izan ez arren, estres egoera luzatuz gero, osasun arazoak sor ditzake.

IKTak estres-faktore izan daitezkeen neurrian, teknoestresa edo teknologiari lotutako estresa puri-purian dago hainbat ogibidetan. Horrela, IKTak erabiltzeak sortzen dituen ondorio psikologiko negatiboei lotzen zaie estres mota hau. Gainera, teknoestres mota desberdinak daude, hala nola teknoantsietatea, teknonekea eta teknoadikzioa. Eta teknologiari loturiko antsietatearen baitan, teknofobia ere badago.

Teknologiari lotutako estresaren inguruan enpresek aintzat har ditzakete Laneko Segurtasun eta Higieneko Institutu Nazionalaren (LSHINren) 730 eta 1.123 Prebentziorako Ohar Teknikoak.

Burnout edo neke profesionalaren sindromea

LSHINren 704. Prebentziorako Ohar Teknikoaren esanetan, sindrome hori azaldu daiteke, laneko estres kronikoaren ondorioz, langileak lankideei nahiz bere lanbide-rolari lotuta izan ohi dituen sentimendu eta jarrera negatiboen bidez. Halaber, horrek guztiak neke emozionala eragiten du.

Laneko indarkeria

Lanaren Nazioarteko Erakundearen 190. Hitzarmenak, Espainiak berretsi berri duenak, indarkeriari eta jazarpenari buruz emandako definizioa hartu behar da kontuan. Hartara, laneko indarkeria eta jazarpen esamoldeak bere baitara biltzen ditu onartezinak diren jokabide eta praktikak, edo halakoen mehatxuak, aldi bakar batez azal daitezkeenak edo behin baino gehiagotan, baldin eta xedetzat badute, eragiten badute edo eragin badezakete kalte fisikoa, psikologikoa, sexuala edo ekonomikoa. Esamolde horrek bere baitara biltzen du, berebat, generoan oinarritutako indarkeria eta jazarpena, eta horrek beste horrenbeste egiten du sexu-jazarpenarekin.

Espainiako antolamendu juridikoari erreparatuz gero, askotariko jazarpen-mota eta laneko indarkeria bereizi beharko lirateke.

Jazarpen-moten artean bereizi beharko lirateke bereizkeriazkoa (62/2003 Legea), desgaitasunean oinarritutakoa (1/2013 Legegintzazko Errege Dekretua), sexuala (3/2007 Lege Organikoa), sexuan oinarritutakoa (3/2007 Lege Organikoa) eta morala (LSHINren 854. Prebentziorako Ohar Teknikoa). Orobat, horiek guztiak ziberjazarpenaren bidez gauza daitezke.

2007ko apirilaren 26ko Europako Esparru Akordioa, lantokian jazarpena eta indarkeria gauzatzeari buruzkoa, aintzat hartzen bada, laneko indarkeria legoke langile bat edo gehiago lanarekin zerikusia duten inguruabarrengatik erasotzen direnean. Indarkeria lirateke, eraso fisikoak ez ezik, hitzezkoak zein fisikoak izan daitezkeen jokabideak ere, halakoek mehatxua, larderia, gehiegikeria eta jazarpena eragiten badute. Esangura horretan, enpresek kontuan har dezakete LSHINren 489. Prebentziorako Ohar Teknikoa).

Langileen nekea

Langileen nekea lan-denboraren antolaketari lotzen zaio, dela lan-denbora gehiegizkoa izateagatik, dela atsedenaldirik ez izateagatik. Halakoetan, gaueko eta txandakako lanetan arreta berezia jarri behar da. Halaber, zenbait ogibidetan kontuan hartu behar da lan-karga mentalak eragin dezakeen nekea. Ildo horretatik doaz, hain zuzen, LSHINren 179., 445., 534. eta 544. Prebentziorako Ohar Teknikoak.

Enpresek atsedenaldia behar bezala arautzeak duen garrantziaren inguruan kontuan har ditzakete LSHINren 445 eta 916. Prebentziorako Ohar Teknikoak.

Rol anbiguotasuna

LSHINren 388. Prebentziorako Ohar Teknikoaren arabera, rol anbiguotasuna langileak bizi dezakeen egoera da, bere egitekoa gauzatzeko behar besteko erreferentzia-guneak ez izateagatik edo horiek egokiak ez izateagatik. Gehienetan hori gertatzen da langileak informazio desegokia izateagatik gauzatu behar duen rolari dagokionez. Informazioa desegokia izan daiteke osagabea delako, modu desberdinetan interpreta daitekeelako edo gehiegi aldatzen delako. Informazio hori, gutxienez, honako gai hauei buruzkoa izan beharko litzateke: gauzatu beharreko lanaren xedeak, ardurak eta gainontzekoekin harremanak izateko eta komunikatzeko estiloa.

Rol anbiguotasunak berarekin ekar ditzake lanean tentsio gehiago izatea, atsekabea, autoestimu baxua, antsietatea, estresa eta zenbait depresio-sintoma.

Rol gatazka

LSHINren 388. Prebentziorako Ohar Teknikoaren arabera rol-gatazka sortzen da lanean dauden eskariak eta exigentziak euren artean bateraezinak direnean lana behar bezala gauzatu ahal izateko. Hori gertatzen da, konparazio baterako, pertsona berak rol desberdinak izan eta ezin dituenean guztiak behar bezala gauzatu. Batzuetan rol gainkargaz hitz egiten da, pertsona berak dituen egitekoak, eta horiek burutzeko balia dezakeen denbora bat ez datozenean, egitekoen kopuruarengatik edo izaerarengatik.

Lan emozionala

LSHINren 720. Prebentziorako Ohar Teknikoaren arabera, zenbait lanbidetan, batik bat, zerbitzu-sektorekoetan, langileei lan edo esfortzu emozionala eskatzen zaie. Halakoetan, antolaketa arau batzuk egon ohi dira, langileek bezero edo erabiltzaileekin nola jardun behar duten azaltzen dutenak. Hori dela eta, zerbitzu-hartzaileekin aurrez aurre edo telefonoz aritzen direnean, langile horiek emozio jakin batzuk azaleratu behar izaten dituzte. Horrek burnout edo neke profesionalaren sindromea sor dezake, baita bestelako arazo batzuk ere, berbarako edo deskonektatzeko arazoak eta norberaren izaera eta lanean aritzean simulatzen dena nahastea, adibidez.

Lan-adikzioa

LSHINren 759. Prebentziorako Ohar Teknikoaren arabera, lan-adikzioa sortzen da etengabe lan egiteko beharrizanaren ondorioz gehiegi lan egiteagatik. Gainera, beharrizan horrek eutsi ezinekoa izan behar du. Bada, lan-adikzioa duenak lana etxera eramaten du, asteburuetan eta oporretan lan egiten du eta lanetik kanpo dagoenean ere lanarekin pentsatzen du. Horrela diharduten pertsonak izaten dira bizitasun eta energia handikoak, lehiakorrak, zereginak enparauen esku uzten ez dakitenak, eta lanean lortutako emaitza positiboei neurriz kanpoko garrantzia ematen dietenak. Lan-adikzioak antsietatea, jokabide konpultsiboak eta isolatze soziala eragin ditzake.

Informazio gehiago
Osasun mentala, osasunari lotutako bigarren arazo nagusia Nafarroako enpresetan
Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK