2025eko udazkenak mugarri historikoa ekarri du Etxalar eta Bortzirietako (Nafarroa) industriarentzako. Duela hilabete eskas, Lorpen marka —galtzerdi teknikoetan nazioarteko erreferentea— desagertzeko edo kanpora eramateko arriskuan izan da. Egoera korapilatsu horrek ezinegona eta beldurra sortu zituen lantaldean, baina, aldi berean, piztu zuen erabaki ausart baten lehendabiziko txinparta. Ataka horretan sortu da Artain25 elkartea.
Enpresaren izenak berak badu gainera, erranahi berezia. Artain errekatik heldu da lantokia errekaren harroan dagoelako. Artain25eko 28 kideek euren patua hartu dute eskuetan, enpresa erostea lortu dutelako lanpostu aunitz salbatuz eta Lorpen Etxalarren bertan mantenduz.
Abentura berri horretan murgildurik izan da Miren Olaetxea Indaburu, 13 urte daramatzan langilea, gaur egun produktu-garapen eta erosketen arduraduna. Nafarroako Gobernuko beka batekin iritsi zen Lorpenen I+G departamentura, eta handik erosketetara pasa zen, gero produktu-garapenera eta marketinera. Azken urteetan, produktu-garapen eta erosketaburua izan da. Olaetxeak berak azaldu duenez, ez da soilik enpresa beregain hartu duen langile taldea baizik eta urteetako lanaren eta komunitatearekiko loturaren emaitza. ”Talde indartsua dugu, eta, gainera, %65 emakumeak gara eta postu guztietan aritzen gara”.
2024aren hondarrean heldu zen kolpea “Harrigarria izan zen guztia", gogoratu du; "inork ez zuen espero. Okerrena ezjakintasuna izan zen, ez genekielako enpresak jarraituko zuen ala ez”. Beldurraren eta zalantzen erdian, lantaldea ez zen egonean geratu. Langileak elkartu, egoera aztertu, eta aukera bakarra identifikatu zuten euren kabuz Lorpen erosi eta aintzina egitea.
Horrela hasi zen hilabeteetan luzatu zen bide malkartsua. Lehendabizi, proiektuaren bideragarritasuna aztertu zuten eta erosketa-eskaintza sendoa prestatu. Ondoren, hartzekodunen konkurtsoaren prozesu juridikoa heldu zen, eta finantzaketa lortzeko borroka gogorra egin zuten. Sodenaren laguntza eta erakunde publikoen konfiantza funtsezkoak izan ziren, baina erdigunean beti egon zen langileen konpromisoa. “Ez gara ohiko inbertitzaileak", dio Olaetxeak, "baina denon ahalegina eta elkartasuna batu dira, eta horri esker lortu dugu”.
Miren Olaetxea: “Harrigarria izan zen guztia, inork ez zuen halakorik espero. Okerrena ezjakintasuna izan zen, ez genekielako enpresak jarraituko zuen ala ez”
Prozesuan une gogorrak izan baziren ere, bada bat Olaetxeak bereziki gogoan duena: epaitegiak haien eskaintza onartuko zuela abisatu zieten eguna. “Han konturatu ginen benetan lor genezakeela”, ekarri du gogora irribarrez. Une horretatik aintzina, tentsioa arindu eta ilusioa nagusitu zen taldean.
Jabetza eta antolaketa berritu ondoren, egunerokoa ere aunitz aldatu da. Rol berriak hartu dituzte, eta enpresak espedizioak, merkataritza eta marketina berriro bere gain hartu ditu. “Berrantolaketa handia izan da, baina gure etxean ari gara lanean, eta hori aunitz nabaritzen da. Aldaketak erantzukizun are handiagoa ekarri du, baina baita ilusio eta talde pertenentzia handiagoa ere”, aitortu du.
Olaetxearentzat, Artain25 proiektua ez da lanbidearen jarraipena soilik lotura pertsonal eta komunitarioa ere bihurtu da. Etxalartarra den heinean, harrotasunez hitz egiten du: “Hemen bizi eta hemen lan egiteko aukera izatea eskertzekoa da. Gainera, %65 emakume gara eta postu guztietan gaude. Horrek bere garrantzia du.”
Egoera berrian taldearen giroa erabat aldatu da. Zalantza eta beldurra atzean utzita, ilusioa eta erantzukizun partekatua dira orain nagusi. “Denok gogotsu gaude; badakigu gauzak ondo egiten ari garela”.
Kalitatearen eta jasangarritasunaren aldeko apustua ez da aldatu. Aitzitik, indartu egin da. Lorpenek izen ona du galtzerdi teknikoetan, eta horri eutsi nahi izan diote kalitate zorrotza, hornitzaileekin harreman estua izanda eta iraupen luzeko produktuak sortuta. Ingurumenarekiko konpromisoa ere sendoa da. Gaur egun, produktuen %98 berriztatutako, biodegradagarri edo naturalekin egiten dituzte. ISO 14001 estandarrak betetzen dituzte, eta hondakinen kudeaketa erabat berritu dute. Lehen urtero hamar tona hondakin sortzen ziren; orain, berrerabili edo bertze sektore batzuetara bideratuko dira, automobilgintzan edo eraikuntzan isolamendu gisa.
Lehia gero eta gogorragoa da galtzerdi teknikoen merkatuan, baina Olaetxeak argi du Lorpenek bere lekua izaten jarraituko duela. “Marka aunitz daude eta prezioak jaitsi dira, baina guk kalitatea, iraunkortasuna eta teknologia ditugu gure alde”.
Miren Olaetxea: “Ahaleginarekin eta elkartasunarekin gauza handiak lor daitezke. Talde batek sinesten badu, ezinezkoa zirudiena ere posible da”
Etorkizunari begira, Lorpenek ez du soilik bere biziraupena bermatu nahi, baizik eta berrikuntzan sakondu. Gaur egun salmenten %60 nazioartean egiten badira ere, helburua ez da esportazioa handitzea bakarrik, baizik eta produktu hobeak, jasangarriagoak eta berritzaileagoak garatzea.
“Zirkulartasuna lantzen ari gara eta birgaltzerdiketa proiektu bat jarri dugu martxan: galtzerdi zaharrak berrerabili eta bigarren bizitza bat ematea da gure asmoa", azaldu du. Finean, Olaetxeak oso garbi dauka bide honek zer erakutsi dion: “Ahaleginarekin eta elkartasunarekin gauza handiak lor daitezke. Talde batek sinesten badu, ezinezkoa zirudiena ere posible da”.