Arteche otsailaren 2an hasiko da Espainiako Burtsaren Merkatu Nagusian kotizatzen, behin Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalaren (CNMV) baimena lortuta. Aldaketa horren ondorioz, BME Growth merkatutik kanpo geratuko dira aldi berean bere akzioak. Hain zuzen ere, merkatu horretan egin zuen debuta konpainiak 2021eko ekainean.
Merkatu nagusian kotizatzen hasteko zuzeneko listing bat egingo da, alegia, ez da akzio berririk jaulkiko ez eta salmenta-eskaintza publikorik egingo. Horrela, egungo akziodunek beren tituluak mantenduko dituzte, eta Artecheren akzioak Madrilgo, Bartzelonako, Valentziako eta Bilboko burtsetan negoziatuko dira, inbertitzaile potentzialen kopurua zabalduta.
Urrats horrekin, enpresak merkatuan ikusgarritasuna eta likidezia lortu nahi ditu, eta, horrez gain, bere presentzia indartu nahi du inbertitzaile instituzionalen eta nazioartekoen aurrean. Alexander Artetxe presidente eta kontseilari delegatuaren arabera, merkatu nagusira egindako jauziak “azken urteetan hartutako erabaki estrategikoak egokiak izan direla berresten du”, eta hazteko eta hedatzeko aukera berriei atea irekitzen die.
Konpainiak BME Growthen egin duen etapan burtsa-bilakaera nabarmena izan du, eta beren hitzetan, "aurrera egin du kudeaketaren profesionalizazioan eta gobernu korporatiboaren errefortzuan". Fase berri horri begira, konpainiak dibidendu-politikari eutsiko dio (gutxienez, etekinaren %30 banatuko du 2026ra arte), eta merkatu nagusian eskatzen diren gardentasun- eta gainbegiratze-baldintzak betetzen jarraituko du.