Artechek merkatu jarraitura igarotzea onartu du

Akziodunen ezohiko batzarrean erabaki dutenez, BME Growth merkatutik aterako da konpainia

Akziodunen ezohiko batzarra | Argazkia: Arteche
Akziodunen ezohiko batzarra | Argazkia: Arteche
2025eko abenduaren 4a - 11:18

Artechek proposamen berria onartu du: akzio guztiak Espainiako burtsa-merkatu nagusian (SIBE) kotizatzen has daitezen eskatuko du. Horrek esan nahi du enpresak BME Growth merkatutik aterako dela, eta behin CNMVren onarpena jasota, data bat finkatuko duela merkatu jarraituan kotizatzen hasteko (Madril, Bartzelona, Bilbo eta Valentziako burtsak barne hartzen ditu).

 

Erabakia gaur izan duten akziodunen ezohiko Batzar Orokorrean hartu dute, konpainiak eman beharreko “hurrengo pausu naturala” dela iritzita. “Apustu estrategikoa” dela ere gaineratu dute, baliagarria izango delako gehiago aprobetxatzeko nazioarteko sektore energetikoak eskaintzen dituen hazkunderako aukerak. Horrez gain, erabakiari esker inbertitzaile instituzionalen sarbidea zabaldu nahi du enpresak.

“BME Growthen bost urteko ibilbidea izan ondoren, Arteche guztiz prest dago merkatu jarraitura salto egiteko, horrek posizio pribilegiatuan jarriko gaituelako hazkunde aukera berriak izateko eta gure gaitasunak indartzeko”, azaldu du Alexander Artetxe zuzendari exekutiboak.