7,4 milioi euroko irabazi garbietara heldu da Arteche 2024ko lehen seihilekoan. Mungiako enpresak ohar bitartez jakinarazi duenez, iazko epe berean lorturikoa baino %73 gehiago da. Salmentei soilik erreparatuta, %19,6ko hazkundea izan dute, 224,9 milioi eurorainokoa. Sektore elektrikoko inbertsioak, oro har, gora egiten ari dira, eta enpresa horretaz probestu da.
Kontratazioan hazkundea %15ekoa izan da 2023ko epe berarekin erkatuta, eta zuzeneko marjinak ere gora egin du, %24,5ean, 82,4 milioi euroan kokatzeraino. Salmenta bolumenak eta kostuei loturiko "diziplina finantzarioak" eragin dute horretan. EBITDAn ere gorakada ikusi da: %41,4koa iazko epe beretik, salmenten gaineko %11, 24,6 milioi eurora iritsi dena.
Energia sektorerako ekipoak, osagai eta bestelako soluzioak eskaintzen ditu Artechek. Neurketa eta monitorizazioari dagokionez, AEB, Mexiko, Espainia eta Kanada ditu, azpiegitura industrialetan egiten ari diren berrikuntzak direla eta, baita energia berriztagarriekin gauzatu nahi dituzten konexioengatik ere, batez ere herrialde ipar-amerrikaren kasuan. Lan-lerro berean, eta Asiako merkatua indartu asmoz, Indonesian duten ekoizpen gaitasuna bikoizteko helburua dute, 8.000 m2ko lantegi berri bat zabalduta.
Igortze eta hornitze sareen automatizazioan, errekorrak hautsi ditu Ekialde Ertainean, eta erreleen kontratazioak %14,5 egin du gora, errele plataforma berri bat garatzen ari diren bitartean. Sarearen fidagarritasunean ere zenbait pauso eman ditu, besteak beste, Teraloop enpresa finlandiarra eskuratuta.
Emaitza ekonomikoez harago, jasangarritasunari loturiko bestelako zifrak ere partekatu ditu Artechek. 2022 du erreferentziazko urtea. Geroztik, %42 gutxitu du karbono aztarna, eta 2030erako %50ko beherakada ezarri nahi du enpresa mungiarrak. Energia kontsumoari erreparatuta, jatorri berriztagarria dute guztien %59k. 2023 amaieran, %39 ziren. Era berean, hondakinen %67 birziklatzen dute; 2023 bukaeran %58 zen.