
Arteche enpresa bizkaitarrak RTR Energía izeneko Madrilgo konpainia eskuratu du %100ean. Euskal konpainiak azaldu du eragiketa berria Energizing Futures Together 2024-2026 plan estrategikoaren baitan egin dela, zeinaren helburua den urtean %10 haztea modu organikoan.
RTR Energía enpresak osagaiak (kondentsadoreak eta erreaktantziak) eta soluzioak (behe- zein erdi-tentsioko kondentsadore-bateriak, harmonikoen iragazkiak…) garatzen eta ekoizten ditu, eta 45 urteko ibilbidea du. Artecheren esanetan, osagai horiek energia galtzea saihesten dute, eta, gainera, sareak energia garraiatzeko duen gaitasuna handitzen dute; aldi berean, gainkargak ekiditen laguntzen dute.
Hala, erosketaren ondorioz, transformadore eta gailu elektrikoak ekoizten dituen Artechek 10.000 metro karratuko instalazioak eskuratu ditu Madrilen, baita Artechera gehituko diren 73 langile ere. Ondorioz, konpainiak teknologia berriak lortuko ditu, ekoizpen gaitasuna handituko du eta nazioartera irismena garatuko du.
Alexander Artetxe enpresa bizkaitarreko zuzendari exekutiboak aurrerapauso gisa definitu du eragiketa, eta César Núñez-Barranco RTR Energíako zuzendari nagusiak gehitu du Artecherekin elkartzeak enpresaren irismena handituko duela, baita berrikuntzarako gaitasuna ere. “Artecherekin balore eta helburu estrategikoak bateratzea erabakigarria izan da, RTR Energía hazkunde- eta garapen-maila berrietara eramango baitu”, gaineratu du.