Artechek ia bikoiztu egin ditu bere emaitza garbiak

43,5 milioi euro garbira iritsi da, eta salmentetan 500 milioi euroko langa gainditu du lehen aldiz

Argazkia: Arteche
Argazkia: Arteche
2026eko otsailaren 27a - 13:58

"Oso urte ona izan da 2025 Artecherentzat, balio ukigarria sortzekoa", azpimarratu du enpresako CEO Alexander Artechek. Irabazi garbietan 43,5 milioi eurora iritsi da, 2024ko ekitaldian baino %93,4 gehiago. Gainontzeko zifrak ikusita, ez da harritzekoa: salmentak 508,4 milioi eurokoak izan dira, aurreko urtetik %15,3 hazita; eta kontratazioa 590,1 milioi euroraino iritsi da, 2024ean baino %16 gehiagora. Azken horretan sarearen fidagarritasunaren lerroan lorturiko hazkundea nabarmendu behar da, %26,2 egin baitu gora. Halaber, Asia Pazifikoan eginiko kontratazioa azpimarratzekoa da, %25,5 hazi baita. Biek ala biek Plan Estrategikoan jarritako erabakiei erantzuten diote.

 

Marjina zuzena bere osotasunean 191,3 milioi eurokoa izan da, %18,6 hazita. EBITDAk ere gora egin du %43,6 baten, 80,5 milioi euroan kokatzeraino. Salmenten gaineko %15,8koa da zifra hori.

Era berean, zor finantzario garbia 22,7 milioi euroan kokatu zen 2025eko abenduaren 31ean. Hala, palanka-efektuaren ratioa EBITDAren gaineko 0,3ra jaitsi da azken 12 hilabeteetan —0,5ekoa zen 2024ko data berean—.

 

Emaitza horiek guztiek 2024-2026 plan estrategikorako ezarritako helburu batzuk hobetu egin dituzte, eta horrek 2026ko ekitaldi honetarako jarritako xedeetan egokitzapenak egitera behartu du Mungiako enpresa. Zehazki, 555 eta 585 milioi euroko salmentak espero ditu 2026. Gainera, Txinan duten gaitasuna areagotzeko apustuak egiten jarraituko du 2027ra bitarte, non produktu optikoak ekoitzi nahi dituzten.

Azkenik, akziodunen artean banatuko den dibidenduari erreparatuta, 22,6 milioi eurokoa izango da, konpainiak 2025ean lortu zuen emaitza garbiaren %50aren baliokidea.