• ENPRESAK GAUR
  • Aldi estrategiko berriari ekin dio Artizarra Fundazioak

Aldi estrategiko berriari ekin dio Artizarra Fundazioak

Jon de Lapatza da Fundazioko presidente berria. 250 milioi euro kudeatzen ditu egun fundazioak, Stellumen bitartez

2025-2028 aldirako plan estrategikoa prestatu du fundazioak | Argazkia: Artizarra Fundazioa
2025-2028 aldirako plan estrategikoa prestatu du fundazioak | Argazkia: Artizarra Fundazioa
2025eko ekainaren 23a

Egun garrantzitsua izan du gaur Artizarra Fundazioak. Batetik, orain arte lorturiko emaitza —positiboen— aurkezpena egin duelako; bestetik, plan 2025-2028 Plan Estrategikoa aurkeztu duelako; eta azkenik, fundazioaren presidentetzan erreleboa iragarri berri delako. Azken kasu horretan, Jon Ander de las Fuentesen tokia hartuko du hemendik aurrera Jon de Lapatza Amurrio Ferrocarril y Equipos SAko presidente eta zuzendari nagusiak.

 

Aurreikusitako helburuak gainditu egin ditu Artizarrak. Zehazki, 90 enpresa ingurutan du partaidetza eta denera 250 milioi euro kudeatzen ditu, Stellum Capital izeneko arrisku-kapitalaren kudeatzailearen bitartez. Azken horren jabea da Artizarra, eta orain arte finantzaziorako patronatu kideen inbertsioak erabili baditu ere, Stellumen bitartez finantzatzea aurreikusten du, lorturiko ekarpena euskal gizartean berrinbertitzeko, bereziki talentua bultzatu eta balio partekatua garatzeko. 

Parte hartutako enpresetatik gehiengoak Hego Euskal Herrikoak dira, nahiz eta Stellumen tresnaren arabera, zenbatekoa aldatu egiten den. Esaterako, Stellum Food and Tech sektoreko enpresen %75 dira Nafarroakoak edo EAEkoak; Stellum Growthen kasuan (enpresak bereziki azkar hedatzera bideratutako estrategia) enpresen %100 da Hego Euskal Herrikoa. Bestalde, Easo Ventures 1 eta Easo Ventures 2 estrategien kasuan (potentzia handia duten enpresei bideratutakoak), %50era beheratzen da zenbatekoa.

 

Stellum Capitalen inbertsiogileen artean hiru profil bereizten direla azaldu du Jon Ander de las Fuentes orain arteko presidenteak: batetik, familia kudeatzaileak (agenteak); bestetik, inbertsiogile publikoak, Hego Euskal Herrikoak ez ezik, baita Espainiako Estatukoak ere; azkenik, BGAEetako (Borondatezko gizarte aurreikuspeneko entitateak) erakundeak (aseguruak, finantza erakundeak…). Hiru profil izatea nahita hartutako hautua da, egitura dibertsifikatuaren alde egiten baitu Artizarrak.

2025-2028 plan estrategikoa

2025-2028 aldirako plan estrategikoa prest du fundazioak. EAE eta Nafarroa kontuan hartuta, enpresan jarriko du fokua taldeak, eta jarduera hiru zutabetan banatuko da: enpresa-inbertsioa bere arrisku-kapitalaren kudeatzailearen bitartez, talentua sustatzea, eta, bestalde, balio partekatua garatzea. Hiru gauza horietarako bi milioi euro baino gehiago erabiliko dira.

Gizarteari ekarpenak egiteko ekintzak ere aurreikusten ditu fundazioak, besteak beste, ikasleentzako bekak, “Do tank”, hezkuntza erakundeentzako laguntza ekonomikoak eta enpresa proiektuak bizkortzeko ekimenak.

Lapatza lehendakari berriak esan du plan estrategiko berriari esker “gizarteari buelta emateko eta aberastasuna zein hazkunde ekonomikoa sortzeko” gaitasun handiagoa izango duela fundazioak, eta, hala, “eragile garrantzitsu” izaten jarraituko duela.

Izan ere, fundaziokoek gogorarazi dute Artizarra abian jarri zenetik eraldaketak izan direla ekosistema finantzarioan eta inbertitzailean. Aldaketa horien artean azpimarratu dute BasqueFIK eta Euskal Finantza Aliantzaren sorrera, zeinak 4.000 milioi euro mobilizatzea aurreikusten duten. Artizarrak balioan jarri ditu ekosisteman martxan jartzen ari diren egitasmo horiek, eta esparruko eragile desberdinen arteko elkarlanaren alde agertu da.