• ENPRESAK GAUR
  • Asfalto jasangarria ekoiztuko duen Euskal Herriko lehen lantegia zabaldu dute Aiaraldean

Asfalto jasangarria ekoiztuko duen Euskal Herriko lehen lantegia zabaldu dute Aiaraldean

Ingalaterrako SteelPhalt konpainiak ireki du fabrika, 13 milioi euroko inbertsioa eginda. Siderurgia sektoreko agregakinak baliatuko dituzte asfaltoa sortzeko

Pradales eta erakunde publikoetako beste ordezkari batzuk SteelPhalt-en lantegi berrian | Argazkia: VK
Pradales eta erakunde publikoetako beste ordezkari batzuk SteelPhalt-en lantegi berrian | Argazkia: VK
2025eko martxoaren 19a
Eg. 2025eko martxoaren 19a

SteelPhalt enpresak asfalto jasangarria ekoiztuko duen lantegia inauguratu du gaur Murgan, Araiako udalerrian (Araba). Ingalaterrako Rotherham hirian sortutako konpainia da SteelPhalt, zeina Harsco Environmental taldearen barnean dagoen, eta nazioarteko lehen fabrika zabalduko du, Euskal Herrian, hain zuzen ere.

 

Bi prozesu gauzatuko dira lantegi berrian. Lehenik, siderurgiako agregakinak balioztatuko dira, bigarrenik, asfalto jasangarria ekoizteko. Finean, siderurgia sektoreak sortzen dituen hondakinak baliatuko dira, agregakin bilakatuz, eta, ondoren, agregakin horiekin asfaltoa ekoitziko da. Guztira 13 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egin da, eta plantak 30.000 metro karratuko azalera izango du.

Inaugurazio ekitaldian izan dira, besteak beste, Imanol Pradales lehendakaria, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia, Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Sailburua eta Stephane Boissinot eta Mikel Barandalla Harsco eta SteelPhalt-eko ordezkari gisa, hurrenez hurren.

 

Fabrikaz gain, laborategi bat ere izango du SteelPhalten lantegi berriak, zeinetan kalitate kontrola eta I+G proiektuak garatuko diren. Halaber, azaldu dutenez, lantegiaren lehen fase honetan 15 lanpostu sortuko dituzte.

190.000 tona altzairutegietako hondakin kudeatzeko gaitasuna izango du fabrikak. Kopuru hori EAEn sortutako hondakin horien %50 litzateke. Argitu dutenez, asfalto jasangarriak ingurumenean onura handia ekar ditzake, izan ere, material honen %95 birziklagarria da, eta eraikuntza materialen karbono aztarna %50 murriztu dezake.