Iraila iristeko bi aste besterik falta ez dira. Eta hala enpresa eta erakundeen komunikatzeko modua berrikusteko garaia ere badator. Proiektuak eta produktuak azaltzeko modua aldatzen ari da: PowerPoint eta dokumentu estatikoek gero eta zailtasun handiagoak dituzte gaur egungo hartzailearen arreta bereganatzeko. Enpresek badute zer kontatu, baina erronka ez da soilik zer esaten duten, mezua nola ulertarazi, arreta nola mantendu eta entzulearekin nola konektatu baizik.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Arreta lortzea da lehen erronka
Euskal enpresa batek kanpora begira komunikatzeko duen erronka nagusietako bat arreta lortzea da. Mugikorra, sare sozialak, posta elektronikoa, bilerak, azokak… Mezuak etengabe jasotzen dituen gizarte batean, enpresek beste mezu guztiekin lehiatu behar dute. “Arreta falta baten aurrean gaude”, azaldu du Iban Lozanok, Scott & Irwineko CEOak. Komunikaziorako tresna interaktiboak lantzeaz gain, narratibaren eraikuntzan ere adituak dira. Lozanoren ustez, komunikazioaren lana ez da mezua helaraztea soilik, erabiltzailearen arreta harrapatzea eta ahalik eta denbora gehien mantentzea baizik. “Helburua pertsona enpresaren munduan eta transmititu nahi duen mezuan sartzea da”.
Erronka hori bereziki garrantzitsua da produktu edo proiektu konplexuak azaltzen dituzten enpresentzat. Ingeniaritzak datuekin hitz egiten du; bezeroak, ordea, ulertu egin behar du erabaki ahal izateko. Hor dago hizkuntza berriaren erronka: informazio teknikoa ikusizko eta ulerterraz bihurtzea. Komunikazioak ez du apaingarri hutsa izan behar; ondo erabilita, ulermena bizkortu eta erabakiak erraztu ditzake.
Weba, LinkedIn eta bestelako kanalak
Enpresek hainbat kanal dituzte beren burua azaltzeko: webgunea, LinkedIn, bideo korporatiboak, sare sozialak edo aurkezpen digitalak. Lozanoren arabera, LinkedIn “enpresen direktorio handi bat” bihurtu da, kontaktuak eta erabaki-hartzaileak aurkitzeko tresna erabilgarria. Baina sare sozialen gorakadak ez du webgunea baztertu; “Azkenean, beti webgunera itzultzen gara”, dio.
Webguneak, beraz, enpresaren aurkezpen-gutun nagusietako bat izaten jarraitzen du. Aldaketa, ordea, edukian eta erabileran dago: gero eta gehiago bilatzen dira gune sinpleagoak, informazioa azkar aurkitzeko aukera ematen dutenak. Kanalak biderkatzeak, hala ere, ez du berez komunikazio hobea bermatzen. Kanal bakoitzak bere hizkuntza eta kontakizuna behar ditu.

Aurkezpen klasikoetatik irteteko zailtasuna
Hor dago euskal enpresa askoren erronka nagusietako bat: PowerPoint bezalako aurkezpen klasikoetatik harago joatea. Aurkezpenak erabilgarriak izan daitezke, baina formatu linealak mugak ditu. Lozanoren ustez, arrazoi nagusietako bat “erosotasuna” da. “Boomer belaunaldia, ni barne, nahiko eroso egon gara PowerPoint aurkezpenekin”, aitortu du.
Lozano (Scott & Irwin): “Produktu zoragarri eta teknologikoki super aurreratua baduzu, eta komunikazioa ez badago maila berean, produktuan egiten ari zaren ahalegin guztia ez da komunikazio-mailara iristen”
Aurkezpen mota honek zailtasunak ditu bideoa, 3Dko elementuak edo bestelako baliabide interaktiboak txertatzeko, eta, gainera, aurkezpena lineala izan ohi da: enpresa nor den, estrategia, bezeroak eta produktuak azaldu, eta azkenean proposamenera iritsi. Baina bezero guztiek ez dute informazio bera behar. “Bezero jakin batek ez du zertan enpresaren estrategia osoa ezagutu behar; agian produktu sorta jakin bat edo soluzio zehatz bat baino ez zaio interesatzen”, azaldu du.
Teknologia aurreratua, komunikazio zaharra
Enpresa batek komunikazio digitalari ekiten dionean, ohiko akatsa da tresna eta formatu berrietan gehiegi zentratzea, mezua bera bigarren planoan utzita. Bideo batek, webgune batek edo esperientzia interaktibo batek ez du berez komunikazioa hobetzen. Gakoa, beraz, ez da teknologia erabiltzea, baizik eta zer kontatu nahi den eta mezua nori zuzenduta dagoen argi izatea.
Lozanoren arabera, produktuaren eta komunikazioaren artean koherentzia egon behar da: “Produktu zoragarri eta teknologikoki super aurreratua baduzu, eta komunikazioa ez badago maila berean, produktuan egiten ari zaren ahalegin guztia ez da komunikazio-mailara iristen”. Horregatik, lehenik produktua, mezua eta helburua aztertu behar dira.
Beste arazo bat gehiegizko konplexutasun teknikoa da. Produktua sakon ezagutzen duenak erraz jo dezake xehetasunetara, baina lehen kontaktuan hori ez da beti beharrezkoa. “Askotan konplexutasun teknikoz mozkortzen gara”, dio Lozanok. Lehen urratsa arreta erakartzea da; ondoren, interesa piztu denean, xehetasun teknikoetan sakontzeko aukera egongo da.
Adimen artifizialaren garaia: mezua bidali eta mezua ulertu
Adimen artifizialak eta tresna digital berriek enpresen komunikatzeko modua ere aldatuko dute. Lozanoren arabera, adimen artifiziala ez da arlo bakar batera mugatuko: komunikazio digitalean, produktuen ekoizpenean eta barne-komunikazioan ere eragina izango du.
Horrek egoera berri bat sortuko du: enpresek adimen artifiziala erabil dezakete mezuak sortzeko, eta hartzaileek ere erabil dezakete jasotzen duten informazioa ulertzeko eta garrantzitsua dena bereizteko. Informazioa sortzea gero eta errazagoa bada, arreta lortzea izango da berriro ere erronka.
Pandemiaren ondoren, bideokonferentziak eta bestelako tresna digitalak ugaritu baziren ere, aurrez aurreko harremanak ez dira desagertu
Hala ere, digitalizazio handiagoak ez du zertan giza harremana baztertu. Lozanoren ustez, “gizakiak ukitu eta hitz egin behar du”. Pandemiaren ondoren, bideokonferentziak eta bestelako tresna digitalak ugaritu baziren ere, aurrez aurreko harremanak ez dira desagertu. Aitzitik, tresna digitalek komunikazioaren aurreko urratsak erraztu ditzakete, baina elkarrizketak eta pertsonen arteko harremanak bere horretan jarraituko dute.
Pazientzia eta ikaskuntza
Euskal enpresa eta erakundeen komunikazioaren erronka, beraz, ez da aurkezpen klasikoa baztertzea edo teknologia berriena erabiltzea. Hizkuntza aldatzea da: datuak esperientzia bihurtzea, konplexutasuna ulermenera ekartzea eta produktuaren berrikuntzarekin komunikazioaren berrikuntza parekatzea.
“Gizarteak pazientzia izan behar du”, azaldu du Lozanok. Aldaketa-prozesua ikasteko eta probatzeko garaia da. “Adimen artifiziala iristen denean, haren bertuteak menderatzen ikasi beharko dugu eta merezi duten tresnak sortu”. Azken batean, komunikatzeko modu berriak ez dira soilik teknologia kontua: enpresek beren burua azaltzeko duten modua berritzeko erronka dira.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta