• ENPRESAK GAUR
  • Auto elektrikoentzat hilabetero 1.000 kargagailutik gora egiten dituen enpresa nafarra

Auto elektrikoentzat hilabetero 1.000 kargagailutik gora egiten dituen enpresa nafarra

Multinazional handien aurrean, Ulartecek produktu lehiakor zein mardulak eskaini nahi ditu

Ularteceko langile bat | Argazkia: utzitakoa
Ularteceko langile bat | Argazkia: utzitakoa
Imagen 122
Kazetaria
2026ko irailaren 29a - 05:30

Autoa eskuratu zuenean Joseba Ulayar Polido etxarriaranaztarra konturatu zen ibilgailu horien kargagailuek arazo esanguratsuak zekartzatela; hala nola, garestitasuna eta erregulazio falta.

 

2017an, Ulayarrek lan egiten zuen programazio-enpresak itxi egin zuen, eta orduan hartu zuen antzeman zituen arazoak konponduko zituen kargagailu elektrikoa diseinatzeko erabakia. Bere etxerako zein bere gurasoenarentzako kargagailua eratu zuen, eta bere inguruko jendeak produktu hori edukitzeko nahia adierazi zuen. Hala, “eskaera hori asetzeko, kargagailuen sektorean zegoen hutsune hori betetzeko eta produktua hobetzeko” helburuarekin sortu zuen Ulartec.

Ulartecen Policharger izeneko kargagailu adimenduna garatzen dute ibilgailu elektrikoetarako. Policharger kargagailuek eguzki-kontrol adimenduna dute, gai dena une bakoitzean eskura dagoen energiaren arabera karga-potentzia automatikoki egokitzeko. Hala, soberakin fotovoltaikoen erabilera lehenesten, sarearen kontsumoa murrizten eta autokontsumoa hobetzen du, eskuzko doikuntzarik egin beharrik gabe. Gainera, elektrizitatea app baten bidez kontrolatu, era dinamikoak erregulatu eta erraz ezarri eta mantendu daiteke, karga azkarragoa lortuz.

 

Gutxinaka hazten joan den proiektua

Ulayarrek ekimena bakarrik hasi zuen eta eginbehar guztiez arduratzen zen: kargagailuak egitea, administrazio-lanak, eta abar. Ondoren, lehen langilea kontratatu zuen, eta handik gutxira, administrazioaz arduratzeko bigarren bat. Azkenean, plantilla 30 langile inguruk osatu arte hazi da enpresa. Horretarako, ekintzailearen arabera, ez zen beharrezkoa izan “inbertsio handirik egitea ezta salto handirik ematea”.

Lehendabizi etxabe batean finkatu zen; gero, ordea, Lizarraldean dagoen Aiegi herriko lokal batera mugitu zen. Izan ere, Lizarratik oso gertu dago, eta bere emaztea bertakoa denez, Ulayarrek herria oso gertu dauka: “Bizi naizen tokitik oinez joan naiteke tailerrera”, adierazi du.

YDRAY Sin titulo 28 de septiembre de 2026 a las 09.25.07 2 (1)
Ulartecen lantegiaren kanpoaldea | Argazkia: utzita

Hilean 1.000 kargagailu baino gehiago fabrikatzea

Ulartecek jada lortu du hilabete bakoitzeko 1.000 kargagailutik gora ekoiztea eta Nafarroan saltzea. “Horretarako ez dugu marketin ez lan komertzial handirik behar izan”, ziurtatu du Ulayarrek. Horren ordez, produktuan eta zerbitzu teknikoan zentratu dira; “bezeroari edozein zalantza azkar eta profesionaltasunez artatzean" oinarritu da gehienbat ekimenaren arrakasta. Bezeroak iazko bezeroen gomendioen eta ahoz ahokoaren bidez eskuratu dituzte, gehienbat.

Enpresak haren fakturazioaren %10 eta %20aren artean bideratzen du ikerkuntza eta garapenera. Proiektu horiek gune teknologikoekin egindako elkarlanaren bidez edo haren kabuz martxan jarriz gauzatzen ditu. Ekimen horietako bat, esate baterako, Luzaide herrian elektrizitate-kontsumoa erregulatzean datza. Ulayarren hitzetan, bere lantaldeak urtero hau bezalako “hiru edo lau proiektu inguru“ sustatzen ditu, urtero ekimen berriak eransteaz gain.

Ulayar: “Ibilgailu elektrikoa gero eta gehiago ikusten da aukera ekonomikoa gisa, edozeinek eskura dezakeena”

"Enpresaren langileen artean, hamalau ekoizpenean daude murgilduta eta zortzi ingeniariak dira", azaldu du Ulayarrek . Gainontzekoek lan administratibo edo komertzialetan edo bulego-aferetan jarduten dute. “Bestalde, beste talde teknikoetako kolaboratzaile eta azpikontratatuak ditugu; elkarri laguntzen diogu”, gehitu du enpresako jabeak.

Multinazional handiekin lehiatzea “zaila” dela aitortu du Etxarri Aranatzeko ekintzaileak. Helburu hori lortzeko gakoa, bere hitzetan, “produktu lehiakor eta mardulak” eskaintzea da.

YDRAY Sin titulo 28 de septiembre de 2026 a las 09.25.07 (1) (1)
Argazkia: utzita

Nazioartekotasuna, etorkizunerako zeregina

Ulayarrek aurten osotara 15.000 kargagailu ekoizteko asmoa dauka. Orain arte salmentak Espainiako Estatu osoan egin dira, batez ere Madrilen, “han dagoen bolumenagatik”. Nafarroan ere merkatu garrantzitsua garatu da, bai Ulartec hangoa izatearen faktoreagatik, bai eskualde horretan auto elektrikoak duen harreragatik.

Enpresak lortu nahi duen urratsetako bat markaren nazioartekotzea da. Lantaldeak Frantziatik eta Italiatik hastea pentsatu du, baina oraindik ez du erabaki noiz emango duen pauso hau.

Ulayarrek azaldu duenaren arabera, “lehen auto elektrikoaren kontsumitzailearen batez besteko profila oso teknikoa zen, eta frikia ere dei zitekeen”. Gaur egun, aldiz, “profil hori anitzagoa egin da eta denetarik aurki daiteke”. “Ibilgailu elektrikoa gero eta gehiago ikusten da aukera ekonomikoa gisa, edozeinek eskura dezakeena”, ondorioztatu du.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain