Avanzako langileek akordioa lortu dute enpresarekin

Autobus gidari guztiek lan-baldintza berberak izango dituztela iragarri dute sindikatuek

Argazkia: ELA sindikatua
Argazkia: ELA sindikatua
2025eko urriaren 27a - 15:06

Hogeita lau greba egun igaro ondoren iritsi da akordioa. Avanza Gipuzkoako Lurraldebuseko garraio zerbitzuko (lehen PESA zena) langile batzordeak, UGT eta ELA sindikatuen gehiengoa izanik, aurreakordioaren alde egin du: lanaldia 1.592 ordutara mugatuko dute, hau da, batez beste, Lurraldebusen beste taldeetako langileek baino 170 ordu gutxiago lan egingo dute. Hala, Avanza bihurtuko da Lurraldebusen lehen azpikontrata jardunaldia 1.592 ordura murrizten.

 

Bestelako hobekuntzen artean honakoak izango dira: KPIaren araberako gehi %1eko gutxieneko igoera bermatuko da soldatetan, atzeraeraginezko %12,1eko soldaten igoera ere bermatuko da (2023ko %5,4, 2024ko %3,1 eta 2025eko %3,6), eta gidari guztiek lan-baldintza berberak izango dituzte; gainera, lan poltsa sortuko da behin-behineko pertsonentzat. UGTren arabera, langileen %75ek babestu du hitzarmena, aldeko 260 bozkekin.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Azahara Domínguezek (Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak) adierazi du albistea “oso ona” dela, “Avanzako profesionalen lan-baldintzak hobetuko direlako”. “Hilabete zailak izan dira, greba egun askorekin, eta egoera deserosoa bezain ziurgabea izan da”, gaineratu du diputatuak; horregatik, eskerrak eman dizkie izandako pazientziagatik, bai langileei, baita biztanleei ere.