Avis autoen alokairu enpresari milioi bat euroko isuna jarri dio Espainiako Gobernuak. Kontsumo Ministerioaren arabera, konpainiak kudeaketa-gastuak kobratzen zizkien euren autoa alokatu eta arauak hausteagatik isuna jasotzen zuten bezeroei. Errekargu hori 33,8 eta 45 euro artekoa izaten zen, gidariaren nortasunari eta isunaren ordainketari buruzko informazioa admministrazioari jakinarazteko izapidearengatik. Ministerioak azaldu duenez, Avis legez behartuta zegoen administrazio izapide horiek egitera, eta hortaz, abusuzko praktika gisa definitu du konpainiak egiten zuena.
Gainera, 2020. urtean Gasteizko Lehen Epaitegiak jada ondorioztatu zuen konpainiaren jarduna ez zela egokia, abusuzkoa zela, eta konpainia derrigortu zuen hainbat baldintza orokor baliogabetzera. Prozedura berria EKA Euskal Kontsumitzaileen Elkarteak egindako salaketa baten ostean jarri da martxan, konpainiak oraindik ere praktika horiek gauzatzen zituela atzemanda. Hala ere, enpresak errekurtsoa jartzeko aukera du oraindik ere.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta