Ayesa Digitalek Kuik Digital Solutions izeneko konpainia erosi du bere osotasunean. 15 urte baino gehiagoko ibilbidea duen enpresak Errenterian (Gipuzkoa) du egoitza, 70 langile baino gehiago ditu eta 4,5 milioi euroko negozio bolumena du. Zer egiten duen konpainiak? Bada, software-ingeniaritza eta adimen artifiziala uztartzen ditu, ondoren negozio prozesuetan txertatzeko xedez. AA sortzailean, machine learning-ean, analisietan eta prozesuen automatizazioan espezializatzen da, besteak beste.
Errenteriako enpresak tamaina handiko bezero asko ditu: MasOrange, CAF, Danobat, EITB eta Acciona, besteak beste. "Bai Ayesa Digitalentzat, bai Kuik Digital Solutionsentzat, zalantzarik gabe, hazteko eta garatzeko aukera da, bai merkatu berrietan, baina baita negozio-eremu berrietan ere"; adierazi dute Donostiako konpainiakoek.
Bi konpainien bateratzea "progresiboki" egingo dela jakinarazi dute bi aldeek; hasiera batean, Kuikek bere autonomiari, identitateari eta taldeari eutsiko die, eta pixkanaka Ayesaren Donostiako gaitasun eta azpiegiturak baliatuz joango dira. Era berean, Félix Vela Kuiken zuzendari nagusiak bere kargua mantenduko du.
Erosketa "AI-first" izeneko estrategiaren baitan gauzatu da. Kontzeptu horrek adimen artifiziala enpresaren estrategiaren, lan egiteko moduaren eta erabakiak hartzeko prozesuaren erdigunean jartzea esan nahi du. Kuik erosteak bide hori azkartzea ahalbidetuko dio Ayesari, AA aplikatuan eskarmentua duen taldea eta garapen-metodologia berriak bereganatuta.
“Kuik-ek arintasuna, bezeroarenganako hurbiltasuna, talentu espezializatua eta esperientzia eskaintzen ditu; guk, berriz, eskala, kontu handietarako sarbidea, kontratu-ahalmena eta hodeiko, datako, zibersegurtasuneko eta industrializazioko gaitasunak eskaintzen ditugu", adierazi du Ayesa Digitaleko zuzendari exekutibo Manuel Barazak.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta