• ENPRESAK GAUR
  • Ayesa Digitalen administrazio kontseiluak Iñigo Ucin presidente izatea onartu du

Ayesa Digitalen administrazio kontseiluak Iñigo Ucin presidente izatea onartu du

Manuel Barazaren izendapenari ere oniritzia eman dio kontseiluak

Iñigo Ucin eta Manuel Baraza | Argazkia: Ayesa Digital
Iñigo Ucin eta Manuel Baraza | Argazkia: Ayesa Digital
2026eko apirilaren 14a - 09:10
Eg. 2026eko apirilaren 14a - 10:51

Indar Karterak, BBK Fundazioak, Eusko Jaurlaritzak, Vital Fundazioak eta Tekneik osatutako partzuergoak Ayesa Digitalen erosketa gauzatu eta egun gutxira, administrazio kontseilu berria lehen aldiz bildu da, besteak beste presidente, zuzendari nagusi eta kontseilari berrien izendapena onartu asmoz. Hala, oniritzia eman diote Iñigo Ucin presidente ez-exekutibo eta Manuel Baraza CEO izendatzeari. 

 

Ucinez gain, zortzi kontseilari izango ditu Ayesa Digitalen organuak, partzuergoa osatzen duten erakundeetatik etorritakoak, hain zuzen ere. BBK Fundazioak bi ordezkari izango ditu: Unai Rementeria fundazioko presidentea eta Javier Aldazabal aholkularitza juridikoko zuzendaria. Indar Karteraren (Kutxabank) ordezkariak izango dira Jon Ander de las Fuentes bankuko Estrategiako zuzendari izendatu berria, eta Koldo Etxeberria Sistema eta Prozesu zuzendaria. Eusko Jaurlaritzako Finkatuz funtsaren aldetik, Amaia del Villar Finantzen Euskal Institutuko zuzendari nagusia eta Jaione Ganzarain Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea izango dira kontseilari. Jon Urresti Vital Fundazioko presidentea eta Joseba Lekube Tekneikoak osatuko dute kontseilua.

Hala, konpainiatik azpimarratu dutenez "fase berri" bati ekin diote "zerbitzu digitalen hornitzaile nagusietako bat izan dadin Europan".