
Badirudi Eroskik atzean utzi duela 2020ko bolada txarra. Urte hartan 77,6 milioi euroko galerak izan ostean, 2021ean irabaziek nabarmen egin dute gora: 104,61 milioi euroko mozkin garbiak lortu zituen iaz. 2007. urtetik lortu duen emaitzarik onena da. Une honetan, konpainiaren zorra 1.000 milioi eurotik beherakoa da, 443 milioitan murriztu ostean. Dena den, emaitza operatiboak begiratuz gero, 2020koak 253 milioi eurokoak izan ziren; 2021ekoak, berriz, 185,5 milioi eurokoak.
Lortutako etekin horietatik 58,7 milioi Eroski S.Coop matrizeak lortu ditu. Kontuan izan behar da matrizeak galera esanguratsuak izan zituela 2020an, 442 milioi euro galdu baitzituen. Horrekin batera, beste hainbat esparrutan bezala, energiaren prezioen igoerak eragina izan du matrizean, 9 milioi eurokoa, hain zuzen. Talde osoan, berriz, kostu hori 28 milioi euro gehigarrikoa izan da.
Agustin Markaide Eroskiko presidenteak "netoki positibotzat" jo du 2021. urtea. Nabarmendu duenez, mugikortasunari lotutako negozioek ez dituzte oraindik berreskuratu pandemia aurreko emaitzak, hala nola gasolindegiek edo bidaiatzeko agentziek. Elikagaien negozioak, berriz, pandemia aurreko zifrekin erkatuta, % 1eko hobekuntza izan duela azpimarratu du.