• ENPRESAK GAUR
  • Azkoyenek begi onez ikusi du Ohmniak egindako erosketa eskaintza

Azkoyenek begi onez ikusi du Ohmniak egindako erosketa eskaintza

Azkoiengo enpresa erosi asmo du Jainaga enpresaburuak, Jaurlaritza, BBK eta Kutxabanken laguntzarekin. Akzio bakoitzeko hamar euroko eskaintza egin du

Jose Antonio Jainagak du Ohmnia taldearen gehiengoa | Argazkia: Europa Press
Jose Antonio Jainagak du Ohmnia taldearen gehiengoa | Argazkia: Europa Press
2026ko uztailaren 28a - 16:16
Eg. 2026ko uztailaren 28a - 16:17

Joan den astean, Azkoyen enpresa erosteko eskaintza publiko bat egin zuen Jose Antonio Jainaga enpresaburuak, Eusko Jaurlaritzaren, BBKren, Kutxabanken eta beste bazkide batzuen laguntzarekin. Nafarroako Azkoien herrian kokatutako konpainiak ordainketa sistemak, sarrera kontrolerako makinak eta salmenta automatikorako gailuak ekoizten ditu. 800 bat behargin ditu, eta ehun herrialde baino gehiagotan saltzen ditu bere produktuak. Iaz 211 milioi euroko fakturazioa izan zuen, inoiz bildutako kopuru handiena.

 

Enpresa nafarra erosteko eskaintza Ohmnia taldearen bidez egin du Jainagak, zehazki, akzio bakoitzeko hamar euro eskaini dituelarik; hots, 240 milioi eurotik gora jarri beharko lituzke enpresaren akzio guztiak erosi ahal izateko.

Azkoyenen administrazio kontseiluak begi onez ikusi du Ohmniaren eskaintza, “lagunkoia” dela adierazi baitu gaur bertan, eta negoziatzeko borondatea erakutsi du. Gauzak horrela, enpresak hamar eguneko epea du jasotako eskaintzari buruzko txostena ondu eta bere akziodunei bidaltzeko.

 

Hori bai, Azkoyenek jakinarazi du bi aldeen arteko harremana iragan martxotik datorrela. Izan ere, orduan enpresak bere egoera ekonomikoa aztertzeko eskubidea eman zion Ohmniari, eta konfidentzialtasun akordio bat sinatu zuten.

Ohmnia Electronics taldearen gehiengoa (%51) Jainagaren Clerbil sozietateak du, baina beste hiru bazkide ere baditu: Finantzen Euskal Kontseilua (Eusko Jaurlaritza), Vital fundazioa eta Lekerika familia. Horiei BBK Fundazioa eta Kutxabanken Indar Kartera batu zaizkie eragiketan.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain