Sarri esan ohi da enpresak eta horien erakustokiak direla Makina-erremintaren Biurtekoko protagonistak. Aitzitik, bada beste elementu bat, hain agerikoa ez dena, baina azokaren fruituetan ezinbesteko rola joka dezakeena: enpresen arteko saretzea edo, ingelesezko hitza erabilita, networkinga. "Saretze hori azoketan betidanik gertatu izan da, baina BECen kasuan 2016ko Biurtekotik daramagu networking horretan aktiboki eragiten, bisita komertzialetatik harago joango dena", azaldu dio EnpresaBIDEAri Mario Goffard BECeko zuzendari komertzialak eta marketinekoak.
Mario Goffard (BEC): "Saretzea azoketan betidanik gertatu izan da, baina BECen kasuan 2016ko Biurtekotik daramagu 'networking' horretan aktiboki eragiten"
Networkinga aktiboki bultzatzearen arrazoia da "zenbaitetan uste dugula erakustariek zein bisitariek ez dituztela baliatzen ekitaldien aukera guztiak", nabarmendu du Goffardek. Ez da ez dutelako nahi; izan ere, "gauza asko" izan behar dira kontuan Biurtekora bisita egiten denean. "Zenbaitetan informazio gehiegi ere izaten da; beste batzuetan denbora falta arazoa da azoka prestatzeari dagokionez; eta baita ohitura kontua ere, azoketan lan egiteko beti modu bera izateagatik", zerrendatu du BECekoak. Edozein kasutan, argi du: "Azokak bilakaera bat izan behar du, eta horri ahalik eta etekin handiena atera diezaioten aukerak eskaini nahi ditugu". Hortik hartzen du zentzua aurtengo lelo den Carpe BIEMHek.
Alboko ekitaldien garrantzia
Saretzeaz hitz egitean, Goffard ez da ari erakustazoketan gertatzen den horretaz, "organikoaz", baizik eta bereziki networkinga egiteko antolatutako jarduera horiez. Batetik, BECen bertan gertatzen diren open meetings edo bilera ireki delakoez, "erosleen interesei" eragiten diotenak. "Saiatzen gara erosle zein erakustarien interesak batzen, eta agendan hitzorduak jartzen". 2024an, ia 4.000 bilera profesional egin ziren BIEMHen.
Hala ere, horretarako ez dituzte, beste azoka batzuetan bezala, B2Brako mahai bereziak gordetzen, zeinetan erosleak diren elkarrizketak egiten doazenak euren beharrekin bat etor daitezkeen enpresekin. "BIEMHen ez dugu halakorik egiten, erakustazoka duten enpresak direlako benetako protagonistak".
2024an, ia 4.000 bilera profesional egin ziren BIEMHen
Aldi berean, baina, Biurtekoaren "zurruntasunetik ateratzea" ahalbidetzen duten hitzorduak ere badaude. Hiru dira horren erakusle nagusi. Bata, astelehenean eginiko Welcome Reception. "Erakustokiei ongi etorria emateko ekitaldia da, beste hornitzaile batzuk ezagutzeko aukera eskaintzen duena, elkarrekin lan egin dezaten. Eta nazioarteko erosleak ere gonbidatu ohi ditugu".
Bigarrena, atzo Barakaldoko alkateak nazioarteko erosleei eginiko harrera ekitaldia da, zeinetan herriko enpresek bezero horiekin topagunea izateko aukera duten. "Azken batean nazioarteko erosleak horregatik bilatu, gonbidatu eta ekarri ditugu. Komertzialki ahalik eta gehien zukutzen saiatzen gara".
Biurtekoaren "zurruntasunetik ateratzea" ahalbidetzen duten hitzorduak ere badaude. Welcome Reception eta BIEMH Fest dira horren adibide
Eta hirugarrena gaur bertan izango den BIEMH fest. "Festa bat egiten saiatzen gara erakustazoka espaziotik haragokoa, giro lasaiago batean. Urteak dira Bilbora eramaten dugula", azpimarratu du Goffardek. Azken horretan, aurtengo berritasun nagusia da Azkuna Zentroan egingo dela. "Gainera, bilatzen dugu Bilboko herritarrek gertuago senti dezaten Biurtekoa".
Horiez gain, erakustoki bakoitzean halako ekitaldiak ere egiten dituzte, egunero bizpahiru, eta horietako batzuetan ere parte hartzen du BECek.
Etorkizunean indartzen jarraitzeko apustua
Azken urteetan azoken testuinguruan ematen diren halako topaguneak egitea tendentzia argia da. "Anglosaxoiak dira side events deitzen diren horietan berritzaileenak. Esango nuke enpresa britainiarrak liderrak direla ekitaldien antolaketan".
Mario Goffard (BEC): "Negozio bezala, guretzat gako da inbertsioari —denboran zein dirutan eginikoa— ahalik eta errendimendu handiena atera diezaioten Biurtekora datozenek"
Hala ere, Goffarden ustez ez dira tendentzia soila; luzerako iritsi dira. "Seguru nago horiek indartzen jarraituko dugula", plazaratu du. Izan ere, esparru digitaletik harago pertsonak ezagutzea da azokek ekartzen duten elementu gakoa. Gainera, "negozio bezala, guretzat gako da inbertsioari —denboran zein dirutan eginikoa— ahalik eta errendimendu handiena atera diezaioten Biurtekora datozenek". Izan ere, saretze horren guztiaren fruituek zuzenean eragiten dute parte hartzaileek azokaz izan dezaketen pertzepzioan eta, ondorioz, azokaren beraren emaitzan ere. Beste modu batera esanda, azokaren biziraupenerako networkingak emaitzak ematea ezinbestekoa da.