ELA sindikatuak Azpeitiako Elmubas Iberican lehen enpresa hitzarmen kolektiboa sinatu du. Langileen lan balditzen hobekuntza ekarriko du akordio honek, orain arte Estatuko sektore-hitzarmena aplikatzen zitzaielako.
Diru sarrera txikienak dituzten langileei eman die lehentasuna hitzarmenean. KPIaren igoeraz gain, hilean 100 euroko igoera lineala jasoko dute. Gainerakoentzat, soldataren arabera KPI gehi %2 edo %3 igoko da.
Lanorduak murriztea aurreikusten da akordio honetan. Lana eta bizitza pertsonala uztartzea du helburu neurri honek. ELA sindikatuak ez du zehaztu zenbateko murrizketa izango den. Bestalde, beharginen osasuna eta ongizatea hobetzeko, enpresak finantzatutako fisioterapia-orduak ezarri dira.
Hitzarmen honen aurrerapenen artean euskara plana da. Horri esker, langileek euskara ikasi edo hizkuntza gaitasuna hobetu nahi duten langileek irakasleekin eta lanaldiaren barruan egin ahal izango dutela jakinarazi du sindikatuak. Euskarari lehentasuna emango zaio enpresan, bilerak euskaraz egingo dira eta langileek dokumentazioa euskaraz eskatu ahal izango dute.
Elmubaseko langileek ez dute ordezkaritza sindikalik izan aurtengo urtera arte. Lehen hauteskunde sindikalen ostean, negoziazio kolektiboko prozesua hasi zen eta horri esker lortu dute hitzarmena. Elmubas Iberican txakurrentzako eta katuentzako pentsu lehorra ekoizten dute eta 220 beharginek egiten dute lan.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta