Azpikontratazio sektorearen nagusitasuna

XXI. Azpikontratazio Azoka ari dira ospatzen BECen, enpresen arteko harreman komertzialak bultzatzeko. Hazten ari den sektoreari are indar handiagoa emateko funtsezko topaketa dela jakinarazi dute antolatzaileek

Azpikontratazio Azoka Barakaldoko BECen | Argazkia: BEC Azpikontratazio Azoka Barakaldoko BECen | Argazkia: BEC

Negozioa egitea, harremanak zabaltzea eta garapenean aurrera egitea bilatzen duten enpresa txiki eta ertain azpikontratistek hitzordua dute egunotan Barakaldoko Bilbao Exhibition Centren (BEC). Izan ere, bertako pabilioiak hartu ditu hilaren 8ra bitarte 2023ko Azpikontratazio Azokak. Fabrikaziorako prozesuen eta ekipoen nazioarteko XXI. edizioak, erakusketa eta B2B elkarrizketa programa bildu ditu espazio berean, enpresen arteko harreman komertzialak sortu ahal izateko.

“Azpikontratazio Azoka 80.hamarkadan sortu zen lehen aldiz, hornitzaileek beren produktuetan txertatzeko materialak aurkitzeko”, adierazi du Iñigo Usandizaga Subcontex Gipuzkoako arduradunak, “eta xede horrexekin jarraitzen du, erakusketari eta bisitarien arteko negozioa bultzatu asmoz”. Hori horrela, azokaren erakusketa gunea merkataritza ganberek, azpikontratazio sektoreko elkarte nagusiek, eta fabrikazio prozesuetan aritzen diren enpresek osatzen dute, hala nola, galdaketa arlokoek, piezen mekanizazioa eta moldeetan aritzen direnek, bai eta gainazaleko tratamenduetan eta estalduretan, eta prototipoetan jarduten dutenek ere. Hala, funtsezko prozesuetatik hasi eta teknologia aurreratuetaraino aurki daitezke Azpikontratazio Azokan, baita fabrikazio prozesu osoak ere.

Iñigo Usandizaga: “Azpikontratazio Azoka 80.hamarkadan sortu zen lehen aldiz, hornitzaileek beren produktuetan txertatzeko materialak aurkitzeko, eta xede horrekin jarraitzen du, erakusketari eta bisitarien arteko negozioa bultzatu asmoz”

BECek jakinarazi duenez, aurtengo edizioak bi gune osagarri bildu ditu: batetik, erakusketa eremu bat, non aipatutako fabrikazio prozesu funtsezkoenetatik teknologia aurreratuenetara bildu dituzten; eta, bestetik, B2B elkarrizketa programa bat, EAEko, Espainiako zein nazioarteko lehen lerroko erosleekin, Azpikontratazio Industrialaren Europako XX. Topaketan elkartu direnak.

Topaketa Bartzelonako Merkataritza Ganberak antolatu du, Bilboko Ganberarekin eta BECekin batera, Espainiako merkataritza ganberen laguntzarekin (Subcontex). Aurtengo topaketan, herrialde askotako ehun erosle handi inguru bildu dira, besteak beste, Frantziakoak, Italiakoak, Marokokoak, Txekiar Errepublikakoak, Alemaniakoak, Esloveniakoak, Finlandiakoak, Herbehereetakoak, Portugalgoak, Suediakoak, Suitzakoak, Tunisiakoak edota Espainiakoak.

Azpikontratazio sektorea ikusaraziz

Azpikontratazio Azokan, nazioarteko 100 erosle inguruk (gehienak Europan egoitza duten multinazionalak) eta Espainiako 400 enpresa azpikontratista inguruk parte hartzen dihardute. Azpikontratista horietako bat da Alberdi Mekanizatu Lanak, bezeroen behar profesionaletara egokitutako mekanizazio zerbitzu osoaren eskaintzaz arduratzen den enpresa. “Azpikontratistok ez dugu produktu propiorik, prozesu produktiboa sortzen dugu, eta bezeroen zehaztapenen arabera fabrikatzen ditugu piezak. Halako azokek askorentzat ezezaguna den sektorea ikusarazten laguntzen dute”, adierazi du Aitzol Alberdi enpresako arduradunak. Halaber, gaineratu duenez, “azoka funtsezko topaketa da, hainbat sektoretako enpresekin harremanak ezartzeko eta negozioak ixteko aukera ematen baitu, sektoreko azken joerak eta teknologiak ezagutzearekin batera”.

Aitzol Alberdi: “Azpikontratistok ez dugu produktu propiorik, prozesu produktiboa sortzen dugu, eta bezeroen zehaztapenen arabera fabrikatzen ditugu piezak. Halako azokek askorentzat ezezaguna den sektorea ikusarazten laguntzen dute”

Itundutako B2B bilera horien guztien ondorioz, ia mila negozio bilera egitea aurreikusten dute antolatzaileek. BECek iragarri duenez, "gero eta globalagoa eta nazioartekoagoa den mundu honetan, azpikontratazio industrialak gero eta garrantzi handiagoa du enpresa estrategia gisa". Izan ere, gaur egun, Espainian, industria sektore tradizionaletarako eta punta-puntako sektoreetarako lan egiten duten enpresa txiki eta ertain espezializatu ugarik osatzen dute azpikontratazio sektorea, eta ziurtagiri eta homologazio maila handiak dituzte. Horiek guztiak enpresa-sare "dinamiko eta berritzaile" baten parte dira, eta Espainiako BPG industrialaren %10 inguru osatzen dute.

Hain zuzen ere, sektorea oso egoera onean dagoela jakinarazi du Subcontex Gipuzkoako arduradunak: “Eskaera zorroa oso handia da eta lan ugari dago. Arazoa langile kualifikatuen gabezian legoke. Azpikontratazio enpresa bat baino gehiagok ezin izan dituzte eskaera guztiak osatu langileak falta zaizkiolako. Bereziki soldatzaile, tornulari eta galdaragile kualifikatuak falta dira”.

Usandizaga: “Arazoa langile kualifikatuen gabezian legoke. Azpikontratazio enpresa bat baino gehiagok ezin izan dituzte eskaera guztiak osatu langileak falta zaizkiolako. Bereziki soldatzaile, tornulari eta galdaragile kualifikatuak falta dira”

Hala eta guztiz ere, langile faltaz haratago, indarrez diharduen sektorea da azpikontratazioarena. Eta halaxe nabari da BECeko pabiloietan ere, antolatzaileen arabera, irekiera arrakastatsua izan baitu Azpikontratazio Azokak.

Aurreko bi edizioetako eskemari jarraituz, azoka hori +Industry topaketaren esparruan egin da, herrialdeko fabrikazio aurreratuaren eta 4.0 industriaren topagune handienetarikoan. Hori horrela, denboran eta espazioan bat datozen azokak aurki daitezke BECeko pabiloietan: aipatutako Azpikontratazio Azokaz gain, Addit3D fabrikazio aditiboko eta 3D inprimaketako nazioarteko azoka; BeDigital eraldaketa digitalaren azoka; Maintenance mantentze industrialeko nazioarteko topaketa; Pumps & Valves industria prozesuetarako ponpen, balbulen eta ekipamenduko sistemen nazioarteko topaketa; eta Workinn erreferentziazko enplegu industrialaren foroa daude BECeko erakusketa eremuan. “Azoka ezberdin horiek topaketa bakar batean biltzeko erabakia hartu dugu indarra emateko eta negozio aukerak biderkatzeko”, nabarmendu dute antolatzaileek.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK