Ba al du aniztasunak tokirik enpresan?

Gero eta anitzagoa den gizarte batean, nola kudeatzen dute enpresek aniztasuna? Emun kooperatibak gaiari heldu dio "Zalantzari lehio bat" hausnarketa prozesuaren baitan

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Etengabe eraldatzen ari den gizartean bizi gara. Horrek giza harremanak ulertzeko eszenatoki batera garamatza eta horretarako ezinbestekoa da dena zalantzan jartzea, oraindik ezagutzen ez dugunari leiho bat irekiz. Gogoeta horrekin ekin dio Emun kooperatibak bere 25. urteurrenari. "Bidegurutzueetan" lan egiten duen kooperatiba gisa definitzen dute langileek Emun, euskarak eta berrikuntza sozialak bat egiten duten tokietan lan egiten duena. Aniztasuna bidegurutze horietako bat da ,eta horri begiratzeko modu asko daude.

Enpresek aniztasunaren erronka nola kudeatzen duten aztertzeko topaketa egin du Emunek. Olatz Dorronsoro Emuneko ordezkariak "elkarrekin pentsatu eta jarduteko balioa" nabarmendu nahi izan du. "Gutako" bakoitzaren barruan mugimendu bat sortu nahi du Emunek oraindik ezagutzen ez dugun horri aukera eskaintzeko. Gero eta pluralagoa den gizartean, "'aniztasuna' hitza entzutean galdera asko datozkigula burura" adierazi du Dorronsorok. Galdera horiei erantzuten lagundu nahi du Emunen jardunaldiak, enpresa munduaren ikuspegitik batez ere. Negozioen jasangarritasuna etengabe aldarrikatzen den garai honetan, aniztasuna txertatzen ikasteko, eremu horretan aditu eta arituak diren pertsonak gonbidatu ditu Emunek bere hausnarketara. 

Alde batetik Josep Maria Canyelles i Pastó enpresen gizarte-erantzukizunean aditua eta Vector5 aholkularitza enpresaren sortzaileak parte hartu du. Enpresetan aniztasuna jorratu duten adibideak ere azaldu dituzte jardunaldian: Bogan ekimeneko Ainhoa Solozabal eta Esti Berazak, alde batetik, eta ABB Niessen enpresako Mikel Villarrubia eta Txus Alfonsok, bestetik.

Aniztasuna ez da soilik landu behar arazo bati aurre egiteko konponbide bezala, baizik eta planifikazio tresna bezala

Josep Maria Canyellesek 25 urte darama Responsabilitat Global atarian Enpresen Gizarte-Erantzukizuna (EGE) jorratzen. Bere ustez, aniztasunaren kudeaketaren erronka "oso interesgarria da gizartean eman diren aldaketen ikuspegitik". Enpresek nola jorratzen duten ulertzeko testuinguruaren garrantzia nabarmendu du Canyellesek, eta horretan kokatu du EGEren eragina. Enpresa batzuk duela 25 urte hasi ziren EGE irizpideak osagarri gisa jorratzen. Denborak aurrera egin ahala, enpresa bera ulertzeko tresna bezala hartzen hasi dira hainbat konpainia. Azken urteotan, ikuspegi hori aldatu egin da eta horren adibide dira ekonomia-zirkularra edo enpresa-osasungarria. "Bilakaera positiboa", hortaz, bere iritziz. "Enpresak gizarte eremuan izan beharreko jokaeran aldaketak izan direla" eta "joera hori areagotu dela" nabarmendu du Cayellesek. Garapen Jasangarrirako Helburuen (GJH) esparrua ere aipatu du. Marko legala ez bada ere, geroz eta garrantzi handiago duen markoa da. Nazio Batuek sailkatutako helburuak biltzen dituzte GJHak. Aniztasuna da helburuetako bat, "desberdintasunak murrizteko" helburuen barruan kokatuta. 

Aniztasuna: modu erreaktibotik, jarrera positibora

Helburuen markoez gain, araudia ere badago: Europako zuzentaraua, tamaina handia duten enpresak gizarte-erantzukizunaren alorrean egindakoaren berri ematera behartzen dituena. Enpresen gizarte-eragina neurtzeko aukera ematen du, eta badira haien helburua birpentsatzen ari diren enpresak, alegia, gizartearentzat balioa nola sortzen duten hausnartzen ari direnak. Aniztasunaren kudeaketa horrekin lotu du Canyellesek. Ez soilik arazo bati aurre egiteko konponbide bezala, baizik eta planifikazio tresna bezala. Aniztasunaren eremuan enpresa batzuk erreaktiboak izatetik "positiboan aritzera" pasa direla nabarmendu nahi izan du. Aniztasunaren ekarpena balioan jartzeko beharra aldarrikatzen dute askok, neurgarria izan dadin. Talentua erakartzeko tresna ere badela nabarmendu du, enpresaren barruan sartzeko aktiboa. Era berean, "akziodunen kapitalismotik, interes taldeen kapitalismora" igarotzeko beharra aldarrikatu du, baina enpresek aldaketa marketin tresna gisa erabiltzeko arriskuaz ere ohartarazi du. Horregatik, zuzen egindakoa txalotu eta "greenwashing estrategiak kritikatzeko beharra" azpimarratu du.

Aniztasuna eremu zabala da, baina enpresa askok hizkuntza aniztasuna aintzat hartzen ez dutela nabarmendu nahi izan du Canyellesek, estatu mailan hizkuntzen kudeaketa errotu gabea dagoela. Hainbat aniztasun motari erreparatzen diete: generoa, sexu orientazioa, arraza... baina hizkuntzarena ez. 

Gipuzkoako Niessen enpresak aniztasuna bere estrategian oso barneratuta dauka. 1914an eratu zen Niessen enpresa, Oarsaldean. ABB taldeak erosi bazuen ere, hainbat alorretan autonomia nahikoa daukate. Mikel Villarrubia ABB Niesseneko giza baliabideen arduraduna da, eta Txus Alfonso euskara batzordeko kidea. Aniztasuna eta iraunkortasunarekin lotura handia duen konpainia da. Izan ere, aniztasun eta inklusio globalaren 2030 estrategia diseinatu du taldeak. Aniztasuna hainbat dimentsiotan neurtzen du Niessenek: generoa, LGTBIQ+, gaitasunak, belaunaldien artekoa, etnizitatea... Horren adibide 2022ko Pride Month da. ABBk harrotasun eguna mundu mailan ospatzen du kontzientziazio kanpainen bitartez. Espainian ABBk badu aniztasun batzordea, aurrekontu propioa duena. Lan eskaintzetan ere aniztasunaren balioaren berri ematen dute, lantalde anitzak nahi dituztelako.

Boganen ustez inklusiboa izateko aniztasuna bermatzea da gakoa eta zeregin horretan laguntzen diete enpresei.

Gipuzkoako lantegiari dagokionez, Niessenek badu 23 urteko ibilbidea duen euskara batzordea. Batzordea motibazio eta komunikazio akzioekin hasi zen eta urteek aurrera egin ahala gizarte erantzukizunarekin lotutako ekimenetan parte hartzen hasi zen, erronkei erantzun berritzaileak emanez. Euskalgintzatik herrigintzara pasa ziren. ABBko filiala izateak aniztasunaren kudeaketan lagundu diela uste dute Niesseneko arduradunek. Euskarari dagokionez, hasiera batean Espainiako ABBK ez zuen ulertu aniztasunaren parte bezala ikusten, baina bai denborak aurrera egin ahala.

Bogan kooperatiba ere aniztasunaren kudeaketaren adibidea da. Bigarren mailako kooperatiba da, askotariko errealitate dituzten proiektuak elkarttzeko espazioa. Agintzari, Zabalduz, Hirube... bezalako kooperatibek osatze dute. Bakoitzak bere autonomiatik lan egiten du, eta kooperatibak egitura komuna eskaintzen die. Gizarte-zerbitzuen aldeko apustua egiten du, eta pertsonen aniztasunean oinarritzen da. Kooperatibaren estrategiak hiru oinarri ditu: gizarte ekimena, gizarte ekonomia eta gizarte ekintza. Boganek arrisku egoeran dauden adin txikikoekin egiten du lan, eta 2021eko udan Batzen proiektu berritzailea abian jarri zuen, gazteak enplegua lortzeko harrera sistema. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik sortutako egitasmoa da, eta kohesio soziala, gazteen enplegu inklusiboa eta enpresekiko harremana uztartzen ditu. Inklusiboa izateko aniztasuna bermatzea da gakoa, eta zeregin horretan laguntzen diete enpresei. Esperientzia oso baliotsua da Boganeko arduradunentzat enpresek eta gazteek inklusio hitzarmena sinatzen dutelako. Hitzarmen hori egoeraz egoera moldatu egiten da enpresek behar dituzten perfilen arabera. Prozesu migratorioen ondorioz etortzen diren gazteekin lan egiteak aniztasunaren garrantzia agerian uzten du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK