• ENPRESAK GAUR
  • Bagordi upeltegia: Cárcar familiaren historia eta landa eremuaren balioa

Bagordi upeltegia: Cárcar familiaren historia eta landa eremuaren balioa

Ander, Miren eta Cristina Cárcar anai-arreba nafarrek aitaren pausoak jarraitu dituzte ardogintza ekologikoaren esparruan

Cristina, Ander eta Miren Cárcar, mahats-bilketa egun batean | Argazkia: utzita
Cristina, Ander eta Miren Cárcar, mahats-bilketa egun batean | Argazkia: utzita
Imagen 122
Kazetaria
2026eko martxoaren 31a - 05:30

Nafarroako Erriberako Andosilla herriko anai-arreba Ander, Miren eta Cristina Cárcar Echepare duela lau urte inguru hasi ziren murgiltzen, ardura profesionalekin, Bodegas Bagordi ekimenean. Beren aita Luis Maríak haren aita eta anaiaren laguntzarekin 1995ean sortu zuen upategia zen, eta ikasketak amaitu eta gero egin zuten salto familia negoziora. Mahastizainak, bere alaba Mirenen hitzetan, “lurra eta ingurunea errespetatzen duten ardogintzaren aldeko apustua” egin zuen, XVIII. mendera atzera egiten duen familia tradizio ardogilea jarraituta.

 

Ander Cárcarrek azaldu duen bezala, Bagordi izena Elizondo herritik hurbil dagoen mendi batetik dator, bere aitari asko gustatzen zaiona. Luis María “1982an hasi zen jadanik ardoen lanketan espezializatzen, gainontzeko laboreak mahastiengatik ordezkatuta eta upeltegiak garatuta”, gehitu du. Garai hartan nekazaritza Andosillan “eskala txikikoa eta biziraupenekoa” zen.

Askotariko mahatsak eta hiru marka

Bagordik hainbat ardo mota ekoizten ditu, denak Errioxa jatorri deiturakoak, eta hainbat mahats motekin: garnatxa zuria, sauvignon blanc, garnatxa beltza, tempranillo, graciano eta maturana beltza. Ardoak “monobarietalak (mota bakar batez eginak) edo nahastuak izan daitezke”.

 

Hainbat marka dituzte horiek saltzeko, bezeroen gustuen araberakoak. Bagordi “klasikoagoa da”; Navardia, “gazteagoa”. Bestalde, Oiasso “edizio mugatuko marka da; 2500 botila baino ez dira saltzen”. Marka horren deitura Irunen antzinako izenetik dator; izan ere, horixe da Cárcar anai-arreben amaren jaioterria.

DSC08581(1)
Bagordik hainbat ardo mota ekoizten ditu, denak Errioxa jatorri deiturakoak, eta hainbat mahats motekin | Argazkia: utzita

65 hektarea finka Andosilla eta San Adrian artean

Bagordik osotara 65 hektarea mahasti ditu ardo ekoizpenarentzat, Andosilla eta ondoan dagoen San Adrián herriaren artean banatutakoak. Finka bakoitzak “ezaugarri propioak ditu”, eta horrek “zenbait barietate lantzea baimentzen du”. Finka batzuek 40 urte baino gehiago dituzte; beste batzuk, aldiz, berriagoak dira.

Ander Cárcarren hitzetan, “zuriei dagokienez, garnatxa Nafarroan tipikoa da; sauvignon, aldiz, 2012an ezarri zen zurien ekoizpena hobetzeko, eta oso ongi moldatu da”.

Bagordik osotara 65 hektarea mahasti ditu ardo ekoizpenarentzat, Andosilla eta ondoan dagoen San Adrián herriaren artean banatutakoak

Beltzei buruz hitz egiterakoan, beraiek ekoizten duten ardoan, %40 tempranillok osatzen du, ardo gazte eta onduen oinarria izanik. Bestalde, “Errioxa ardoak ekoizteko erabiltzen diren 6.700 hektareetatik, 70 (%8 inguru) graciano motakoak lantzeko dira”. Garnatxa eta maturana beltza “beti Andosillan lantzen dira”, baina salbuespen horiek kenduta, “bi herrietan mota guztiak garatzen dira”. Izan ere, “bai Andosillan, bai San Adriánen klima antzekoa da, baina lurra ezberdina eta mota batzuentzat aproposagoa”.

Ardogintza ekologikoa, Bagordiren bereizgarri nagusietako bat

Ander Cárcarrek azaldu duen bezala, ardo ekologikoaren ziurtagiria Nafarroako Nekazaritza Ekoizpen Ekologikoaren Kontseiluak (CPAEN) eskaintzen du, Europa mailan ezarritako araudi baten arabera. “Ekologikoa da ezagutzen dugun ardogintza era bakarra, gure familiak 30 urte baino gehiagoz garatu duena; lurzoruaren zaintza dauka oinarri gisa, kalitatea eta bioaniztasuna bermatzen ditu, eta muturreko lehorteak edo gehiegizko euria bezalakoak hobeto pairatzen ditu”, aipatu du bere arreba Mirenek. Horretan pentsatuz, “landare estalkiak” ere ezarri dituzte, “nekazaritza birsortzailea sustatzeko asmoarekin”. Cárcar anai-arrebek “landa giroan bizitzea” aukeratu dute, zeinen funtsa “mahastietatik eta upeltegietatik gertuen egotea den”.

DSC08929(1)
Argazkia: utzita

Ildo horretan, Bagordik RuralBizi deitzen den Nafarroako landa sarearekin egiten du lan, ekoizleen topagune gisa funtzionatzen duena eta non ekitaldiei, formakuntza aukerei, dirulaguntzei eta bestelako berritasunei buruzko informazioa eskuratu dezaketen. Proiektu horren baitan Cárcar senideek haien historia eta esperientzia partekatu dute, eta erakutsi dute “landan bizitza garatzea ez dela soilik posible, baizik eta balioa eta etorkizuna ere badela".

Miren Cárcarrek azpimarratu du haien asmoa dela “hazten jarraitzea esentzia galdu gabe”. Beraz, oraingoz ez dute erabilitako lurrazala handitzea aurreikusten. Ardogileak aipatu du gaur egun ardoaren merkatua “egoera zailean” dagoela. Hori dela eta, Bagordik ere “enoturismoa bermatu” nahi du “ardogintzari balioa gehitzeko”.