Balenciaga ontziolak etapa berri bati ekin dio gaur. Hartzekodunen konkurtsoa atzean utzita, Zumaiako ontziolak, Balenciaga Shipyard izen berriarekin, eraiki asmo duen lehen ontziaren gila jartzeko ekitaldia egin du.
Bertan izan dira ontziolaren jabe berri den Abu Dhabi Ports taldeko hainbat ordezkari nahiz Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria sailburua. “100 urteren ondoren Balenciagak berriro etorkizuna duela ospatze ari gara gaur. Hilabete asko izan dira hotzez eta hodei beltzez beteta, baina inoiz ez dugu itxaropena galdu. Langileei eta haien familiei eskerrak eman nahi dizkiet Balenciagarengan sinesteagatik eta haien etorkizunaren alde lan egiteagatik erakundeekin batera. Eta ongi etorria ematen diegu gure babes osoa izango duten industria inbertitzaile berriei", adierazi du Jauregik.
Zumaiako ontziola Abu Dhabi Ports taldearen Safen Drydocks filialak bereganatu zuen iaz, 11 milioi euro baino gehiagoren truke. Eragiketa horrek jardueraren jarraipena eta berehalako lan-karga ziurtatzea bermatu zuen. Lanpostu gehienak mantendu bazituzten ere, zenbait langile kalean geratu ziren.
Urtearen hasieren berrekin zion jarduerari ontziolak eta zuzendaritzak baieztatu du gaur egun gutxienez bi ontziko eskari zorroa dutela. Gauzak horrela, eraikitzen hasi berri diren ontzia offshore euskarriko (itsasoko haize erroten sektorerako) atoiontzi bat da.
“Gila jartzea eraikuntza baten hasiera baino gehiago da; Balenciaga Shipyarden itzuleraren froga da. Ontziola honetako langileek bizirik mantendu dute horren espiritua urte zailetan, eta gaur hasi gara berriro oinarri horren gainean eraikitzen. Horregatik, oso eskertuta gaude AD Ports Groupi, hartutako konpromisoagatik, eta ontziola honetan sinetsi duten guztiei”, adierazi du Santiago Bardal ontziolako zuzendariak.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta