Balio Capital inbertsio funtsak haragi sektoreko bi enpresa madrildar erosi ditu: Embutidos La Granja eta Adobos Caysan. Donostiako funtsak ohar bidez azaldu du bi enpresak batuta 22,5 milioi euroko fakturazio eta hiru milioi eurotik gorako ebitda dutela, eta “aldi berean” eta “modu koordinatuan” erosi dituztela.
Balio Capitalek bi enpresak batu eta belaunaldi erreleboa gauzatu nahi du horietan. Sergio Perez inbertsio funtsaren zuzendari nagusiak adierazi du enpresen lehiakortasuna eta balio-katea handituko dutela eragiketaren bidez.
Madrilgo bi enpresok produktu naturalak ekoizten dituzte handizkako merkataritzarako. Esteban Barrenechea Balio Capitaleko presidenteak argitu du enpresa “errentagarriak” direla, eta hazteko gaitasuna dutela.
Balio Capitalen bazkide sortzaileak Javier Vélez, Sergio Pérez eta IKEI erakundea dira, eta middle market (10 eta 100 milioi euroko ebitda duten enpresak) merkatuan egiten dituzte inbertsioak, bai industria bai zerbitzuen sektoreko enpresetan.