Basoinsa: 40 urte aurrera eginez

Ingurumen aholkularitza bizkaitarrak 40 urte bete zituen iazko abenduan. Enpresako gerentea den Teresa Cascan eta zuzendari teknikoa den Francisco Murillo ibilbidearen lekuko zein arduradun izan dira

Argazkia: utzita
Argazkia: utzita
2026ko maiatzaren 3a - 05:30

Basoinsa 1985eko abenduan sortu zen ingurumen-aholkularitza da. Espainiako Estatuan dagoen zaharrenetakoa eta handienetakoa da, baina hori ez da kasualitatea. Garai berrietara moldatzeko gaitasuna, xehetasunei garrantzia ematea, eta helburuak finkatzen zein gainditzen joatearen emaitza da. Horren lekuko bezain arduradun dira Teresa Cascan biologoa eta enpresako gerentea, eta Francisco Murillo baso-ingeniaria eta zuzendari teknikoa. Nahiz eta 40 urteak pasa den urteko abenduan bete zituzten, aurten ospatu dute Bilboko Carlton hotelean, bezeroekin, hornitzaileekin eta langile ohiekin. Izan ere, ez dira edozein urtebetetze ospatzen ari: “Merkatuan 40 urtez egon izanaz harro sentitzen garen mezua zabaltzeko egiten dugu ospakizuna”, dio Murillok.

 

Baso-ingeniariak berak azaldu duen bezala, sektoreko enpresa erreferenteetako bat dira Euskal Herrian zein Espainian. 35 profesionalez dago osatuta gaur-gaurkoz, eta ingurumenarekin zerikusia duten hainbat eta hainbat diziplinatan ari dira lanean. Gaur egun, Euskal Herrian eta atzerrian egiten dute lan, batez ere Hego Amerikan; sukurtsala baitute Perun, eta lan egiten dute Kolonbian, Uruguayen edota Panaman, besteak beste.

Ikuspegi aldaketa, hastapenetan

Merkatuan hainbeste urte nola iraun duten ulertzeko, enpresaren hastapenak azaltzea ezinbestekoa da. Izan ere, Cascanek azaldu duen bezala, baso-ingeniari talde batek sortu zuen, lehen sektoreko ikuspegia zuen enpresa bat izanik hasiera batean. Basoinsak eskaintzen zituen zerbitzuak “mendien antolaketa, basoetan pistak irekitzea, basoetako zein landaredi-mapak, eta tankera horretakoak ziren”.

 

Baina laster konturatu ziren lau teknikari horiek baso-ingeniaritza “askoz ere zabalagoa” zela, eta ingurumeneko sektorera hedatu ziren. Murilloren aburuz, Europar Batasunean sartzeak zerikusi handia izan zuen horretan: “Europar Batasunak ingurumenari buruzko araudi piloa sartu zigun, lehen ez zegoena Estatuan. Hori aukera bat bezala ikusi zuten enpresako bazkideek; araudi horrek etorkizunean sortuko zituen beharrak identifikatu zituzten, eta bertatik joan da Basoinsa garatzen ingurumenaren sektore ezberdinetan”.

Francisco Murillo (Basoinsako zuzendari teknikoa): “Europar Batasunak ingurumenari buruzko araudi piloa sartu zigun, lehen ez zegoena Estatuan. Hori aukera bat bezala ikusi zuten enpresako bazkideek”

Pixkanaka-pixkanaka, erronkak gainditzen

Ordutik, helburuak eta erronkak finkatzen joan dira, eta horiek betetzen eta gainditzen. Hasieratik, helburua lana lortzea izan da, lehiaketetara aurkezten ziren, bezero potentzialei eskaintzak egiten zizkieten, eta horrela sektorean barrena egin zuten pixkanaka- pixkanaka. Cascanek adierazi duenez, gero eta lan handiagoak lortzen zituzten: “Aholkularitza lan handiago horiek ondo egiteak, azkenean, fidagarritasuna ematen zigun, eta horrek bultzada ematen zigun esparru batzuetara zabaltzeko”.

Adibide gisa jarri du Basoinsako kudeatzaileak Bizkaiko obra publikoetako lehiaketara aurkeztu zirenean. Garai horretan azpiegitura ugari eraiki ziren Bizkaian, hala nola, La Avanzada, Kukularra zubia, Txorierriko Korridorea, Uribe Kosta edo Gualdeñeta. Eta horien ingurumen-aholkulari izan ziren Basoinsako kideak. Horrelako obretan parte hartzearen harira, jarduera berriak esploratzen joan ziren, baita diziplina anitzeko taldea osatzen ere. Soilik baso-ingeniariz osatutako taldea izatetik, biologoez, geologoez edota agronomia-ingeniariz osatutakoa izatera pasa ziren. Eta horrela etengabe: “Lehiaketa batean onenak izaten baginen, enpresa handitzen genuen. Urtero helburuak finkatzen genituen, etengabe gure burua gainditzeko. Eta horrela aurrerapausoak ematen joaten ginen, gure dibertsitatea handitzen ingurumenarekin zerikusia zuten gaiekiko”, azaldu du Cascanek.

Teresa Cascan (Basoinsako gerentea): “Urtero helburuak finkatzen genituen, etengabe gure burua gainditzeko”

Era berean, legegintza aldeko izan dutela aitortu du Cascanek. Horrela, argitaratzekoa zen lege edo arau berri bat zegoenean, hori argitaratu aurretik, tendentziak identifikatzen zituzten Basoinsan, eta prestatu egiten ziren lege horiek suposatuko zutenerako. Adibidez, legeak ISO 14.000 edukitzea exijitzen bazuen, legea argitaratu aurretik ISO hori edukitzeko ahaleginak egiten hasten ziren Basoinsan.

Bestalde, Murillok nabarmendu duenez, helburu finko bat izan dute beti enpresan; berritzaileak izatea, teknologia berriak erabiltzea egiten zituzten lanetan zein jardueratan, “beti beste enpresekiko ezberdinduz”. Gainera, enpresaren estandarizazioan egin du enfasia zuzendari teknikoak: “Enpresan barneratu dugu ezinbestekoa dela gure prozesu guztietan kalitate maila handia mantentzea. Horrekin batera, bezeroarekiko orientazio ona izan dugu, izan ere, ingurumen arazo larriak dituzten bezeroengana jo dugu, eta haiek guregana. Horrelako arazoei irtenbidea emateak maila altua ematen dio enpresari”.

40 urteren ondoren, sena osorik

Gaur egun, garaia aldatu den arren, negozioaren ideia eta sena berdinak dira; hazten jarraitzeak enpresaren identitateren parte izaten jarraitzen du. Murillok adierazi bezala, orain jada garatuta dituzten esparruetan hazten jarraitzea pentsatzen dute, oraindik epe-ertainera ibiltartea duten esparruak baitira: “Adibidez, azken urteetan landu dugun eta aitortutako erakundea garen esparrua da hondakinen ikuskapena eta ekonomia zirkularrarena. Datu zientziekin (datu geografikoak batik bat) zerikusia duenaren aldeko apustua ere egiten ari gara, eta etorkizunean adimen artifizialarekin lan egitea espero dugu. Bestalde, espezie inbasoreen aurkako lehiarekin zerikusia duten proiektu zehatzak garatzen ari gara, baita hondakinetatik abiatutako soluzioak eraikitzeko proiektuak ere”.

Francisco Murillo (Basoinsako zuzendari teknikoa): “Espezie inbasoreen aurkako lehiarekin zerikusia duten proiektu zehatzak garatzen ari gara”

Hala ere, etorkizun urrunago batean pentsatzea zaila da. Alde batetik, Cascanek dioenez, ingurumen-legegintza “oso aldakorra da”. Beste alde batetik, Murillok ezjakintasun geopolitikoa jarri du arrazoietako bat bezala. Horiengatik, enpresak estrategia-plana garatu zuen pasa den urtean, 2030. urteari begira: “Azkarregi aurrera egin nahi izatea ez da emankorra. Guk estrategia-planak garatzen ditugu gehienez hurrengo bost urteei begira, legegintza aldatzen dioalako, eta gu horren baitan goaz egokitzen”, dio Murillok.

Azken finean, Murillok ondorioztatu duen bezala, nahiz eta ezjakintasuna izan, edo krisi ekonomikoak, pasa diren 35-40 urteetako esperientziak argi utzi die “gizarteak beti eskatu duela gehiago” ingurumenaren arloan, ez dela egon atzerapausorik “nahi dugun ingurumenaren gizarte-eskaeran”. Hori horrela bada, beste 40 urtez, gutxienez, izango dugu Basoinsa ingurumenaren sektoreko erreferentzia gisa Euskal Herrian zein mundu osoan zehar.