• ENPRESAK GAUR
  • BCCren Donostiako GOe eraikina inauguratzeko hiru ekitaldi antolatu dira

BCCren Donostiako GOe eraikina inauguratzeko hiru ekitaldi antolatu dira

Urriaren 17an eta 20an egingo dira hitzorduak: herritarrentzat, profesionalentzat eta erakundeetako ordezkarientzat

Argazkia: BCC
Argazkia: BCC
2025eko irailaren 30a - 13:34

Basque Culinary Centerren (BCC) Donostiako GOe – Gastronomy Open Ecosystem zentro gastronomiko berria aurkezteko hiru hitzordu antolatuko dira.

 

Lehena urriaren 17an egingo den ate irekien jardunaldia izango da, zeinetan interesa duen herritar orok eraikina eta bertako jarduerak ezagutzeko aukera izango duen, bertatik bertara. Bost ordu tarte eskainiko dira orotara egun osoan zehar, eta bisitak euskaraz zein gaztelaniaz izango dira. Hori bai, taldeek jende-kopuru mugatua izango dute, eta, horregatik, aldez aurreko erreserba egin beharko da urriaren 7an BCCren sare sozialetan argitaratuko den estekaren bitartez.

Bigarren eta hirugarren hitzorduak urriaren 20an egingo dira, bata goizez eta bestea arratsaldez. Goizean profesionalentzako “murgiltze-jardunaldia” egingo da, eta bertan tailerrak eskainiko dira era praktikoan erakusteko “GOE ekosistemaren jarduera eta potentziala”. Tailerretan nazioarteko adituek eta zenbait start-upek parte hartuko dutela jakinarazi du zentroak, eta, besteak beste, honako gai hauek landuko dira: Mizelioaren bidezko proteina berriak, zero food waste, sukaldaritzako berrikuntza eta baserritar ekoizle eraldatzaileak

 

Arratsaldekoa, ordea, inaugurazio instituzionala izango da. “Une gogoangarrienetako bat Bjarke Ingelsen parte-hartzea izango da”, baieztatu dute zentrotik. Ingels arkitektoa da, Danimarkako BIG estudioaren sortzailea eta GOe eraikinaren diseinuaren arduraduna; bisita gidatu bat eskainiko du arkitektoak eta zentro berriko espazioak erakutsiko ditu.

“GOe gastronomiatik abiatuta etorkizun gozo bat lortzen laguntzeko xedearekin sortu da”, azaldu du BCCek. Aldi berean, elikadura osasungarri eta jasangarria bultzatuko du zentroak, baita ekintzailetza, ikerketa eta “prestakuntza aurreratua” ere. Joxe Mari Aizega BCCeko zuzendariak gaineratu du GOe zentro ireki gisa ulertzen dela, “herritarrak bere jardueraren bihotzean dituena”. Horregatik, irekiera-jardunaldira bertaratzeko gonbita luzatu du.