• ENPRESAK GAUR
  • Osasun-sisteman berrikuntza sustatzeko akordio berria du Basque Health Clusterrek

Osasun-sisteman berrikuntza sustatzeko akordio berria du Basque Health Clusterrek

Boehringer Ingelheim enpresa biofarmazeutikoarekin lankidetza hitzartu du klusterrak

Konpainiak iaz 105 milioi euro baino gehiago inbertitu zituen I+Gn | Argazkia: Basque Health Cluster
Konpainiak iaz 105 milioi euro baino gehiago inbertitu zituen I+Gn | Argazkia: Basque Health Cluster
2025eko ekainaren 26a

Basque Health Clusterrek eta Boehringer Ingelheim konpainiak akordio “estrategikoa” hitzartu berri dute, eta, ildo beretik, Boehringer Ingelheim klusterreko Business Partner (negozio bazkidea) bihurtu da. Bi taldeek helburu dute, elkarlanean, “euskal osasun-ekosistemako berrikuntza bultzatzea”, pazienteentzat balioa sortzea eta osasun-sistema “eraldatzea”. Horretarako, bi taldeen artean lankidetzan berrikuntza teknologikoa eta ikerkuntza sustatuko dute, baita elkarren arteko ezagutza trukaketa ere.

 

Lankidetza berria Boehringer Ingelheimek osasun-sisteman berrikuntza sustatzeko duen estrategia globalaren baitan sortu da; are gehiago, konpainiak iaz 105 milioi euro baino gehiago inbertitu zituen I+Gn (Espainiako Estatu mailan), 2023an baino %53 gehiago. Enpresa gizakien zein animalien osasunaz arduratzen da, eta 1885ean sortu zen.

Nicolas Dumoulin Boehringer Ingelheim Espainiako zuzendari orokorrak adierazi du akordioari esker etorkizuneko osasun-sistema eraikitzen jarraituko dutela, zeina dinamikoagoa izango den. Asier Albizu klusterreko presidentea ere pozik agertu da, uste baitu “albiste bikaina” dela enpresa biofarmazeutikoa klusterreko negozio bazkide bilakatu izana. “Honelako aliantzek aukera ematen digute gure enpresentzako lankidetza-bide berri eta berritzaileak irekitzeko, baita ezagutzaren transferentzia sustatzeko eta eremu globalean gure lehiakortasuna indartzeko”, gaineratu du Albizuk.

 

Horrez gain, “Euskal ekonomiaren motor garrantzitsu” gisa definitu dute sektorea, eta gogorarazi dute 9.400 milioi eurotik gorako fakturazioa eta 415 erakunde aktibo baino gehiago biltzen dituela.