Bateria indar betean

Pilen negozioarekin hasi zen Cegasak aurrerapauso handia eman du, eta bere litiozko soluzioak Europako erreferente bilakatu dira

Cegasaren Gasteizko lantegia | Argazkia: Utzitakoa Cegasaren Gasteizko lantegia | Argazkia: Utzitakoa

Cegasa enpresa arabarrak 1934an ekin zion bere ibilbideari, eta hasieratik energia biltegiratzean ardaztuta egon da. Orduz geroztik askotariko egoera sozioekonomikoak bizi izan ditu, baina profesionalen taldeak beti jakin izan du soluzio berritzaileak sortu eta aurrera egiten. Halaxe bihurtu da Cegasa mundu osora esportatzen duen litiozko soluzioetan Europako erreferente. Autokontsumoa litzateke orain Cegasaren erronka nagusietako bat.

“Tximist da nire pila izena”. Hala zioen garai bateko Tximist pilen iragarki ospetsuak. Cegasak egiten zituen pilen izena zen Tximist, eta oso ezagunak izan ziren urte askoan. Hainbeste, non Everestera lehen espedizio sonatua ere Cegasaren babesean egin baitzen, Frankismoaren amaierako garaietan, 1974an. Gailurretik 350 metrora geratu ziren Angel Rosen eta Felipe Uriarte mendizaleak, baina lorpen handitzat hartu zen egin zutena garai hartako egoera politiko eta sozial zailean. Hartan Juan Celayak zuzentzen zuen enpresak, are indar handiagoa hartu zuen.

Pilez gain, 2000. urtean litiozko soluzioak garatzen hasi zen enpresa, eta egun, energia biltegiratzeko produktu oso berritzaileak eskaintzeko gai da hainbat esparrutan, hala nola, berriztagarrietan, trakzio industrialean, pila industrialetan zein diseinu pertsonalizatuetan. “Cegasak beti jakin izan du I+G+Bren aldeko apustua egiten eta soluzio berriak ateratzen”, dio Jose Angel Medina Cegasako egungo arduradunak.

Jose Angel Medina: “Gure jardueraren %70 baino gehiago atzerriko merkatuan dago eta 40 herrialdetara iristen gara”

Bere ikerketa eta garapen taldea erreferente eta aitzindari bihurtu da Europan. Kontinente Zaharra da bere erreferentziazko merkatua, eta bertan Alemania, Frantzia eta Erresuma Batua dira herrialde esportatzaile nagusienak. “Merkatua zabaltzen ari gara Estatu Batuetan eta Australian, bertan baititugu nazioarteko dibisioetako bi. Gure jardueraren %70 baino gehiago atzerriko merkatuan dago eta 40 herrialdetara iristen gara”, azaldu du Medinak.

Bestalde, berriztagarrien metaketaren eta trakzio industrialaren merkatuak Espainian indarra hartzen ari direla gaineratu du. Hori horrela, Cegasako arduradunak adierazitakoaren arabera, “energia berriztagarrien sektorea arreta berezia eskatzen ari da, eta ardura handiko lana dugu aurrean, sektore egonkorra sortu nahi badugu, behintzat”. Hori hala izan dadin, enpresa arabarrak berrikuntzan inbertsio garrantzitsuak egiten dihardu.

Cegasak Europan garatzen eta fabrikatzen ditu bere produktuak oso-osorik. 24.000 metro karratutik gorako instalazioak ditu Gasteizko bulego nagusien, Oñatiko fabrikaren, eta diseinuko, entseguetako eta segurtasun homologazioko laborategien artean. Gaur egun 120 bat langile ditu, urteko garaiaren arabera. Atzerrian, berriz, hiru lantegi ditu: Alemanian, AEBtan eta Australian.

Zink-airea vs litio-ioia

Cegasak nagusiki bi teknologiatan banatu du bere indarra: zink-aire teknologian batetik, eta litio-ioi teknologian, bestetik. Lehena enpresak duela 50 urte baino gehiagotik menperatzen duen teknologia da, lehen mailako soluzioetan energia dentsitate handiena duena. “Teknologia hori bereziki erabilgarria da funtzionamendu denbora luzeak behar dituzten aplikazioetan eta muturreko baldintzetan”.

“Zalantzarik gabe, litioa etorkizuneko apustua da”

Litio-ioi teknologia, berriz, datozen hamarkadetako beharrei irtenbidea emango dien teknologia da, etorkizunera begira sorturikoa. Baina, dagoeneko nagusi da kontsumorako ekipoen fabrikazioaren sektorean, ez baitago litiozkoa ez den bateria duen mugikor edo ordenagailurik, adibidez. “Energia berriztagarrien sektorea zein industrian litioa oraindik ezartzeko fasean dagoen arren, bere hazkunde aurreikuspena oso handia da. Zalantzarik gabe, litioa etorkizuneko apustua da”, azaldu du Medinak. “Egia da asko hitz egiten dela hidrogenoari buruz ere, baina energia sortzeko aleei dago zuzenduta gehienbat. Litioak berak ematen dituen proportzioak, dentsitate energetikoak eta errendimenduak ez ditu beste ezerk eskaintzen. Oraingoz ez dago litioa ordeztu dezakeen ezer”.

Gaur egungo Cegasaren baterietako batzuk | Argazkia: Cegasa
Gaur egungo Cegasaren soluzioetako batzuk | Argazkia: Cegasa

Autokontsumoaren erronka

“Ikusten ari gara kanpoko erregai fosilaren mendekotasunarekin, petrolioarekin, adibidez, epe ertain luzera begira arazo bat izango dugula. Autokontsumoa litzateke irtenbidea eta guk esku artean dugun erronketako bat”, dio Medinak. “Alemaniakoa, esaterako, askoz ere merkatu helduagoa da, urte asko baitaramatza autokontsumoaren ehuneko maila altu batean. Gu ere pixkanaka ari gara, baina epe ertainera begira ezinezkoa izango da bizitza biltegiratzerik gabe”, gaineratu du.

“Kanpoko erregai fosilaren mendekotasunarekin, epe ertain luzera begira arazo bat izango dugu. Autokontsumoa litzateke irtenbidea eta guk esku artean dugun erronketako bat”

Bestalde, esku artean proiektu asko dituztela azaldu du: “Kontuan izan litioa oraindik oso gaztea dela guretzat, 2018an abiarazi genuelako eta oraindik ere azken ukitu txikiak egiten jarraitzen dugulako, batez ere, merkataritza ekipoetan, salmentetan, eta garapen ingeniaritzan”. Hala ere, egiteko asko dutela uste du Cegasako arduradunak, oraindik abiatu besterik ez direla egin. “Energia biltegiratzearena sektore zoragarria da, eta posizio onean gaudelakoan nago. Proiektu onak ditugu eskuartean eta hazten jarraitu behar dugu, autokontsumoari eta etorkizunak aurrean jarriko dizkigun erronka guztiei begira”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK