Batz: industria globala, sustrai euskaldunak

Arratiako enpresako kideek argi dute: euskarak balio erantsia ematen dio taldeari

Argazkia: utzitakoa
Argazkia: utzitakoa
June Agirre Ansa
Kazetari kolaboratzailea
2026ko ekainaren 13a - 05:30

Arratian sortutako kooperatiba industriala da Batz. Automobilgintzarako osagaiak diseinatu, ekoitzi eta garatzea dute negozio nagusi, baina euren hastapenetatik egin duten trokelgintzako negozioa albo batera utzi gabe. Eta era berean, aeronautikako negozioan suspertzen ari dira.

 

Testuinguru horretan, nazioarteko presentzia handia du Batzek. Dena den, bere jardunaren oinarria Arratian (Bizkaia) mantentzen du, eta horrek eragin zuzena izan du enpresaren hizkuntza-politikan.

Euskararen ibilbidea: ekimenetik estrategia osora

Lehen pausoa 1999 inguruan iritsi zen, langile talde batek euskararen egoera hobetzeko beharra ikusi zuenean. "Konturatu ginen euskara galtzen ari zela, eta hor hasi zen hizkuntza indartzeko lana”, gogoratu dute Xaber Ozerinjauregik, Batzeko presidenteak, eta Saioa Loizagak, materialen garapenerako taldeko kideak. Hortaz ohartu bezain laster euskara zerbitzu egonkor baten laguntza hartu, eta handik urtebetera abiatu zen lehen euskara plana. Orduan sortu zen euskara batzordea ere. 

 

Ondorengo urteetan hainbat aurrerapauso egin ziren: hizkuntza-irizpide orokorrak zehaztu ziren eta lanpostu bakoitzerako beharrezko euskara maila ezarri zen. Bestelako egitasmoak izan dira automobilgintzako hiztegia sortu zein webgunea euskaratzea edota barneko sare euskaldunak eta inguruko ekimen sozioekonomikoak sustatzea.

Iaz, Urrezko Bikain ziurtagiria lortu zuten: egindako aurrerapausoen isla. Besteak beste, 2025etik emandako beste salto bat delako batzarra euskaraz izatea

Bide horretan, aitortzak eta ziurtagiriak ere lortzen joan dira. 2007an jaso zuten euskararen kudeaketaren lehen aitortza, eta 2009an Bikain ziurtagiriaren zilarrezko maila eskuratu zuen. Bikain ziurtagiriak erakundeen euskararen erabilera eta kudeaketa ebaluatzen ditu, eta Batzen kasuan urteetan egindako lanketa balioan jarri zuen. Euskara planaren garapena, hizkuntza-irizpideen ezarpena eta langileen inplikazioa izan ziren lorpen hori eskuratzeko oinarrietako batzuk.

Iaz, Urrezko Bikain ziurtagiria lortu zuten: egindako aurrerapausoen isla. Besteak beste, 2025etik emandako beste salto bat delako batzarra euskaraz izatea: “hala egitea erabaki genuen, itzulpen zerbitzu bat kontratatzea, euskararen erabilera bermatzeko”, azaldu dute Ozerinjauregik eta Loizagak. Orain, 2026-2029 plan estrategiko berriarekin, beste etapa bati ekin diote.

Euskara, proiektu kooperatiboaren parte

Batzen estrategian euskarak ez du komunikazio-tresna hutsaren rola betetzen. Enpresaren identitatearen parte da. “Batz Arratiako enpresa bat da, sustraiak Arratian dituena, eta euskararen erabilera gure izaeraren parte da”, azaldu dute Ozerinjauregik eta Loizagak.

“Euskara geurea da, eta mantendu eta indartu beharreko balorea da"

Enpresak nazioarteko jarduna izan arren, plan estrategikoetan hizkuntza arloko helburuak modu sistematikoan txertatu izan ditu beti. Zuzendaritzak zuzenean parte hartzen du euskara batzordean, eta batzorde horrek plan estrategikoak ezarri eta jarraipena egiten du. Kanpoko aholkularitza espezializatua ere baliatzen dute, hizkuntza-politikaren garapena profesionalizatzeko. 

Lehiakortasuna eta talentua: euskararen balio erantsia

Automobilgintzan bezero gehienak nazioartekoak direnez, lehiakortasunaren gakoa gero eta gehiago pertsonengan eta talentuan dagoela diote. “Gure lehiarik handiena talentu berriak erakartzea da, eta horretarako ditugun karta guztiak erabili behar ditugu; euskarak hor balio erantsia ematen du”, adierazi dute. 

Kontratatzerako orduan, enpresak kontuan hartzen du euskararen ezagutza, ahal den neurrian, eta barne-harremanetan hizkuntza garrantzitsua dela defendatzen du. Gainera, euskarak kohesioa eta identitate partekatua indartzen dituela nabarmendu dute. “Euskara geurea da, eta mantendu eta indartu beharreko balorea da. Euskaraz lan egitea erosoa izan behar da, eguneroko dinamikaren parte”.

Indeus, sarean indartzeko giltza

Indeus euskararen erabilera eta presentzia lan-munduan sustatzeko sortutako enpresa-sarea da. Euskara arlo sozioekonomikoan indartzea du helburu, eta horretarako hainbat sektoretako erakunde eta enpresak biltzen ditu esperientziak partekatzeko, elkarlanean aritzeko eta estrategia berriak garatzeko. Batzek sare horretan parte hartzen du, eta bere hizkuntza-politika garatzeko tresna garrantzitsutzat du. “Euskara lan munduan txertatzea bakarrik egitea ez da erraza; talde lana beharrezkoa da”, azpimarratu dute Ozerinjauregik eta Loizagak.

“Euskara Batzen eguneroko dinamikaren parte izatea lortu behar dugu"

Batzen ustez, euskararen normalizazioan aurrera egiteko ezinbestekoa da antzeko erronkak dituzten enpresekin elkarlanean jardutea. Hori dela eta, Indeusek balio handia ematen dio enpresari, euskararen aldeko konpromisoa duten beste erakunde batzuen sare baten parte bihurtzen duelako. Sare horren bidez, praktika onak ezagutu, beste enpresa batzuen esperientzietatik ikasi eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko tresnak eskuratzen dituzte.

Gainera, Indeusen lantzen diren lantalde eta proiektuetan parte hartzeak aukera ematen dio enpresari hizkuntza-kudeaketaren alorreko joera berriak ezagutzeko eta bere estrategian txertatzeko. Batzen arabera, sarean sortzen diren ezagutza eta esperientziak “oso baliagarriak” dira euskararen estrategia definitzeko eta etorkizuneko ekimenak diseinatzeko. Horrez gain, Indeusen presentzia izateak agerian uzten du konpainiaren konpromiso soziala eta kulturala, enpresa lehiakor eta nazioarteko baten irudia euskararen sustapenarekin uztartuta.

Etorkizuna: euskaraz lan egitea naturala izatea

Batzek hurrengo hamarkadarako helburu argia du: euskararen erabilera egonkortzea eta indartzea. Gaur egun, langileen %70ak euskara ulertzen duen arren, erdarara jotzeko joera handia dago. “Asmoa da euskara erreferentziazko hizkuntza izatea eta erabilera indartzeko ekosistema sendo bat eraikitzea”, azaldu dute. Horretarako, gune euskaldunak sortu eta babestu nahi dituzte, langile gehiagoren parte-hartzea sustatu eta euskarazko prestakuntza aukerak zabaldu. Zuzendaritzaren babesa dutela azpimarratu dute, baina badakite erronka handia dela: “Euskara Batzen eguneroko dinamikaren parte izatea lortu behar dugu”. Bikain urrezko ziurtagiria mugarri garrantzitsua izan da, baina Batzen ustez hurrengo pausoa ez da aitortza berri bat lortzea, euskararen erabilera eguneroko lanean gero eta naturalagoa bihurtzea baizik.