Batz kooperatibak Velatia taldeko WEC Wallair Engine Components SL konpainiaren %60 eskuratu du. Igorreko (Bizkaia) kooperatibak akordioa lortu du Velatiarekin, eta eragiketa honen bidez aeronautika osagaien negozio unitate “berri eta lider” bat sortu nahi du Bizkaian, “aeronautika osagaien sektoreko nazioarteko erakunde nagusiekin lehiatzeko adina tamainakoa”.
WEC 2005ean Velatiak sortutako enpresa da. 104 langile eta 12 milioi euroko fakturazioa du, eta Amorebieta-Etxanon (Bizkaia) du egoitza nagusia. Hegazkinen motor eta turbinen osagaiak diseinatu eta fabrikatzen ditu mundu mailako fabrikatzaile nagusientzat, tartean, ITP Aero, Liebherr eta Safran konpainientzat. Velatiak WECen %40 mantenduko du.
Batz Mondragon taldeko kooperatiba da. 1963an sortua, automobilgintzaren sektorerako produktuen eta zerbitzuen munduko hornitzailea da. 1.300 profesional ditu, eta 251 milioi euroko fakturazioa izan zuen 2024an.
Batzek eta WECek jakinarazi dutenez, proiektu hau “bi bazkideen osagarritasun indarguneetan eta industria eta finantza baliabideen bateratzean” oinarritu da, eta ekoizpen gaitasunean, berrikuntzan eta garapen teknologikoan inbertsioa handitzea ekarriko die.
WECek egungo lantaldea mantenduko du. Era berean, bi enpresek adierazi dute lanpostu kualifikatu berriak sortuko dituela bateratzeak.