• ENPRESAK GAUR
  • Irabazietan errekorra izan du BBVAk 2025ean: 10.511 milioi euro

Irabazietan errekorra izan du BBVAk 2025ean: 10.511 milioi euro

Bankuak 11,5 milioi bezero berri lortu zituen urtarriletik abendura bitartean

Carlos Torres BBVAko presidentea | Argazkia: BBVA
Carlos Torres BBVAko presidentea | Argazkia: BBVA
2026eko otsailaren 5a - 11:54

10.511 milioi euro. Horixe irabazi zuen iaz BBVAk, inoiz lortutako kopururik handiena. Aurreko urtearen aldean, bankuaren irabazi gordinak %4,5 handiagoak izan ziren. Hala ere, dibisen inflazioaren eragina kontuan hartu gabe, eta truke-tasa konstantea erabilita, irabazien hazkundea %19,2koa izan zen.

 

Urtarriletik abendura bitartean, erakundeak izan zuen marjina gordina (guztizko diru-sarrerak) 35.931 milioi eurora iritsi ziren, hau da, 2024ko zifra baino %4,1 gehiago. Zenbateko horretatik, interes garbien diru-sarrerak 26.280 milioi eurokoak izan ziren, %4ko hazkundearekin. 

Langileen gastuak 7.773 milioi eurokoak izan ziren, 2024an baino %1,5 gehiago, eta administrazioko gainerako kostuak ere zertxobait (%0,7) igo ziren, 5.038 milioi eurora iritsita. Amortizazioen eragina, ordea, %0,8 beheratu zen, 1.521 milioi eurokoa izanik.

 

Carlos Torres BBVAko presidenteak pozik iragarri ditu erakundearen iazko zenbakiak, eta bankuak hazkundea eta errentagarritasuna bateratzeko duen gaitasuna azpimarratu du. "Lan bikainaren ondorioz, balioa sortu dugu, eta, horri esker, gure akziodunei azkarrago ordaintzen diegu", esan du Torresek. Pozik egoteko beste arrazoietako bat bankuak 2025ean lortu zituen bezeroen kopurua izan da: 11,5 milioi pertsona berri lortu zituen erakundeak.

Gauzak horrela, akziodunek akzioko 0,60 euroko dibidendu gehigarria jasotzea proposatu du BBVAk, zeina 2026ko apirilean banatuko den. Azaroan jada ordaindu zen akzioko 0,32 euroko dibidendua; hortaz, 2025eko emaitzekin lotuta, 0,92 euroko dibidenduak banatuko ditu bankuak orotara, eta guztizko banaketa 5.249 milioi eurokoa izango da.